Baldintza oso zailak zeuden gaur Kontxako badian estropadarako, haizete indartsua eta olatu handiak, baina Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) emakumezkoen eta gizonezkoen jardunaldiak jokatzea erabaki du, 16:00etan egin duen bileran. Hori bai, ziurtasun handirik helarazi gabe parte hartzaileei. Horren aurrean, Euskotren ligako traineru gehienek uko egin diote lehiatzeari.
Arranplan batzartu dira klubetako ordezkari eta entrenatzaileak, eta muturreko baldintzak zeudela eta arraunlarien segurtasuna bermatzen ez zela argudiatuz, gaur ez uretaratzea erabaki dute. Sei izan dira zuzenean etxerako bidea hartu duten ontziak –Orio, Zumaia, Hibaiba, Arraun Lagunak, Astillero eta Tolosalde–, eta bi bakarrik –Donostiarra eta San Juan– izan dira bertan geratu direnak.
Aipatu bi traineruek estropada jokatzekoak ziren printzipioz, baina Donostiarra portuan geratu da, eta San Juan soilik itsasoratu da, erlojupeko proba jokatu asmoz. TKEko batzorde teknikoak, azkenean, bertan behera uztea erabaki du estropada.
Gizonezkoak, Sestaon
Haizeak ederki baldintzatuta jokatu dute gaur eguerdian KAE 1 ligako zortzigarren jardunaldia Sestaon. Askori mesederik egin ez dien arren, goiko postuetan dabiltzan kluben kasuan lehengo lepotik burua, eta Zumaiako gizonezkoek hirugarren sailkatu dira, Deusto eta Zarautzen atzetik.
Hiru traineruak ohorezko txandan lehiatu dira, eta Deusto eta Zarautz parez pare joan dira estropada osoan; atzetik, segundo gutxiko tartean, Zumaiak jarraitu bdie. Lehen bi ziabogak denbora berean erregistratu dituzte, baina hirugarren luzerako aldea zabaldu dute bizkaitarrek, eta poparean abantailari eutsiz, 20:50;74ko denborarekin nagusitu dira. Zarautz bost segundora helmugaratu da, bigarren postuan, eta Zumaia hirugarren, hamabi segundora. Sailkapen orokorrean, gainera, hurrenkera berean jarraitzen dute aipatu hiru traineruek.
Bihar eguerdian, Zumaian izango dute asteburuko bigarren jardunaldia. KAE 1 ligakoek Zumaiako XLI. Ikurrina izango dute jokoan eta ETE ligakoek Zumaiako Emakumezkoen IX. Ikurrina.