Enbatarentzat izan dira Zumaiako bi banderak

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 26a

ETE ligako eta KAE1 ligako estropadak jokatu dituzte goizean Zumaian, eta bi banderak Zarauzko traineruek irabazi dituzte. Zumaiako gizonezkoak laugarren sailkatu dira gaurkoan.

Egun ederra ari da izaten Zarauzko arraunlarientzat. Goizean jokatu dira ETE ligako Zumaiako IX. Ikurriña eta KAE1 ligako Zumaiako XLI. Ikurriña eta, biak ala biak, Zarauzko traineruentzat izan dira.

11:00etan eman diote hasiera ETE ligako bi luzeko estropadari. Bertan, bi txandetan banatuta lehiatu dira zortzi traineruak. Enbata bigarren txandan aritu da, Kaikurekin, Deusto-Bilbaorekin eta Hondarribiarekin batera. Lehen txandako denborarik onena Ondarroak lortu du (13:41:90), eta erreferentzia horrekin atera dira bigarren txandako traineruak.

Enbatak, hala ere, ez die aukerarik eman aurkariei.  Zortzi traineruetatik zarauztarra izan da ziaboga hartzen azkarrena (06:58); baita helmuga zeharkatzen ere (12:55:03). Hondarribiakoa izan da estropadako bigarren traineru azkarrena (13:09:47).

Gauzak horrela, sailkapen orokorrean bigarren sailkatua da Zarautz, 61 punturekin. Hondarribia da lehenengoa, 64 puntu bilduta. Datorren larunbatean Ondarroan izango dira traineruak, Ondarroako XLII. Bandera irabazteko asmotan.

Gizonezkoak, nagusitasunez

KAE1 ligako estropada, berriz, 12:00etan jokatu dute. Lau luzeko estropadan, Zarauzko trainerua gailendu da, nagusitasun osoz. Gizonezko hamabi traineruak, berriz, hiru txandetan banatuta lehiatu dira. Zarauztarrak hirugarrenean aritu dira, Deusto-Bilbaorekin, Kaikurekin eta Zumaiarekin batera.

Lehenengo ziaboga hartzen bizkorrenak lehen txandan aritu diren Hibaika (06:04), Lapurdi (06:06) eta Arkote (06:08) izan dira. Hortik aurrera, ordea, Zarauzko trainerua nagusitu da, eta bera izan da azkarrena bigarren (11:47) eta hirugarren (18:18) ziaboga hartzen ere. Helmugara iristen ere Enbata izan da lehena (23:38:34). Helmugara bigarren iritsi den trainerua Deusto-Bilbao izan da (24:20:99) eta, hirugarrena, berriz, Pedreña (24:21:65). Zumaia laugarrena izan da (24:23:58), aurreko biekin lehia zuzenean; eta Orioko bigarren taldea hamabigarrena (25:34:96).

Sailkapen orokorrari dagokionez, bigarren dago Enbata, 100 puntu bilduta. Sailkapenaren buruan dago Deusto-Bilbao, 103 punturekin. Zumaia da hirugarren 93 punturekin, eta Orio hamaikagarren, 19rekin. Datorren larunbatean Pedreñako (Kantabria, Espainia) uretan izango dira traineruak, XXI. Marina de Cudeyo Bandera etxera ekartzeko helburuarekin.

Argazkiak: Ivan Rodriguez

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide