Jai Alai Ligak aurten abiatu duen Challenger Tourreko txapelketa jokatuko dute aste honetan Zumaian, Aitzuri pilotalekuan. Zirkuitu honen barruan txapelketa desberdinak antolatu dituzte, eta bere helburua datorren denboraldian ligako lehen mailan arituko diren bi puntista onenak aukeratzea du. Denboraldi amaieran puntu gehien lortuko dituzten lau puntistek –bina aurrelari eta atzelari–, azken txapelketa bat jokatuko dute, eta haren irabazleek datorren urtean onenekin lehiatzeko aukera izango dute.
Zumaiako txapelketa finalerdiez eta finalaz osatuko da, eta gaur arratsaldean jokatuko dituzte bi finalerdiak, 19:00etatik aurrera. Kantxaratuko diren puntisten artean Cosme Agirre aurrelari zumaiarra izango da. Arratsaldeko bigarren partidan arituko da, De Betelurekin bikotea osatuta, eta aurkariak Benetrix eta Latry izango ditu. Gaurko lehen partidan, berriz, Arrasate eta Iturralde Bonnin eta Ontoriaren aurka arituko dira. Unai Uranga zumaiarra zen jokatzekoa norgehiagoka hori, baina lesioagatik ezin izango du kantxaratu, eta Ontoria nafarrak hartuko du bere lekua.