Eskerrak eman dizkie Telmo Deunek igandeko estropadarako balizak jartzen aritu diren Lekeitioko lagunei

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 27a

Isuntza Arraun Elkarteko 'balizeroak', Zumaiako klubeko kideekin. (Telmo Deun A.E.)

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu zituzten atzo Zumaian. Antolakuntzan aritu ziren boluntarioei eskerrak eman dizkie Telmo Deun elkarteak, eta bereziki balizak jartzera Lekeitioko arraun elkartetik bertaratutako lagunei.

Zumaian jokatu zituzten atzo ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Talaimendi aurreko estropada eremu bihurrean aritu ziren arraunean bi ligetan ari diren traineruak. Itsasoa mugitua zegoen, eta arraun egitea zaila egin zitzaien arraunlari zein patroiei. Hala ere, zorionez, atzokoan ez zen arazorik izan uretan ez lehorrean.

Hori dela eta, antolatzaile Telmo Deun arraun elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie estropadaren antolakuntzan aritu ziren boluntario guztiei, laguntzaileei, "aste honetan klubean bueltaka ibili zareten pertsona guztiei, baita zuzendaritzako kideei ere, erronka hau aurrera ateratzeagatik".

Aipamen berezia egin die Zumaiako arraun elkarteak Lekeitioko (Bizkaia) Isuntza Arraun Elkarteko kideei, estropada eremuko balizak jartzen aritu direlako, eta "beraien jakituria eta eskuzabaltasuna erakusteagatik estropada antolaketa honetan". Haiekin batera aritu diren marinelei ere eman dizkie Zumaiako klubak eskerrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide