Iragarri dute Euskal Jai eguneko egitaraua eta gaur jarriko dituzte salgai herri bazkarirako txartelak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 29a

Dozenaka lagun, Euskal Jai eguneko herri bazkari batean.

Goizetik iluntzera arte, askotariko ekitaldiak izango dira bihar abuztuaren 7an, Euskal Jai egunez. Ez dira faltako bertsoak, kontzertuak eta sagardo dastaketa. Herri bazkarirako sarrerak gaur 12:00etan jarriko dituzte salgai, Turismo Bulegoan.

Gazteei nahiz helduei zuzendutako egitarau zabala prestatu du Zumaiako Udalak abuztuaren 7ko Euskal Jai egunerako, eta goizetik iluntzera arte izango dute herritarrek eta bisitariek festa giroaz gozatzeko aukera. Bestalde, herri bazkarirako txartelak gaur 12:00etatik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan. Pertsonako, gehienez, zortzi txartel erosi ahal izango dira.

Euskal Jai eguna hasteko, ohi bezala, artisauen azoka izango da goizean zehar Alde Zaharreko kaleetan. Eguerdi partean, Miren Artetxek eta Xabat Illarregik bertso saioa eskainiko dute balkoitik balkoira, eta gero, kantujira izango da, Larraina euskara taldeak eta Korokoiak taldeak antolatuta. Eusebio Gurrutxaga plazan jarraituko du festak, herri bazkariarekin. Otorduan parte hartu nahi duten herritarrek gaur 12:00etatik aurrera izango dute bazkarirako txartelak erosteko aukera, Turismo Bulegoan. 10 eurotan erosi ahal izango dira txartelak, eta 6 eurotan 12 urte arteko haurrenak.

Bazkalostean izango du jarraipena festa egunak, Joxe Mendizabalen dantzaldiarekin, sagardo dastaketarekin eta Laket taldearen erromeriarekin, besteak beste.

Honakoa da aurtengo Euskal Jai egunerako prestatu duten egitaraua:

10:00-14:00. Alde Zaharrean azoka.
Goizean zehar, musika kaleetan.
12:00. Udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saioa: Miren Artetxe eta Xabat Illarregi.
13:00. Kofradian, balkoitik balkoirako bertso saioa eta Zutrik taldearekin trikiti doinuak.
Bitartean, udaletxetik abiatuta kantujira, Larraina euskara taldeak eta Korokoiak taldeak antolatuta.
15:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, bazkaria. Bazkalondoan, Joxe Mendizabalen musika.
18:00. Amaia plazan, Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia.
18:00. Odietan, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak.
18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, Jagoba eta Maddalen trikitilariekin dantzaldia.
19:00. Sagardo dastatzea.
22:30. Amaia plazan, Laket taldearekin dantzaldia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide