Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte urrian Zumaian

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 30a

Geoparkeak San Telmo ermitaren aldamenean jarritako informazio panelak. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Urriaren 7an eta 8an Geoparkeen XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte Zumaian. Egun horietan, ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren interpretazioko profesionalak elkartuko dira herrian.

Zumaia izango da Europako Geoparkeen Sareak antolatzen dituen jardunaldi irekien egoitza. Urriaren 7an eta 8an ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren interpretazioko profesionalak elkartuko dira herrian, elkarrekin gogoeta egiteko nahiz esperientziak trukatzeko.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak azaldu duenez, jardunaldi irekien edizio bakoitza geoparke desberdin batean egiten dute, eta Zumaiak izango du hamaikagarrenean harrera lanak egiteko ardura. Jardunaldi horiek Geoparkeen Sarearen esperientziak trukatzeko urteko foro nagusia dira eta, besteak beste, ondare geologikoaren kontserbazioan, hezkuntzan, dibulgazio zientifikoan, gizartearen parte-hartzean eta garapen iraunkorrean gogoeta egiteko baliatuko dute aurtengo topaketa.

Oraindik ez dute urriaren 7rako eta 8rako prestatu duten egitarauaren berri eman, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengo programak interpretazioa eta komunikazioa izango ditu ardatz, eta ahalegin berezia egingo dute ondarea herritarrei hurbiltzeko eta geologiaren, paisaiaren, biodibertsitatearen, kulturaren eta tokiko nortasunaren arteko harreman estua balioesteko. Horretarako, hitzaldiak, esperientzia-mahaiak eta solasaldiak antolatuko dituzte, baita Geoparkea ezagutzeko landa bisitak ere.

"Lurraldea ikuspegi integratzailetik aditzeko garaian kontakizunek duten garrantziaz hausnartzeko gonbita egingo dute jardunaldiek. Ikuspegi integratzaile horretan, zientzia, historia, kultura eta geoparkeetako herritarrak elkarrekin bizi dira", agertu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide