Xuban Manterola eskubaloi jokalariak Tolosa CF taldean jokatuko du datorren denboraldian. Lehen Nazional Mailan jokatzen du Tolosako taldeak. Pasa den denboraldian ligako bosgarren postuan amaitu zuen talde tolosarrak. Denboraldi berriari begira, oraingoz egin dituzten bi fitxaketetako bat da Manterola. Zarauztarrak adierazi duenez, "oso pozik" dago erronka berriaren aurrean, eta taldera batzeko, lanean hasteko eta denboraldi berrirako "gogoz" aurkitzen da.
Hala ere, ez da pibote zarauztarraren etxetik kanpoko lehen esperientzia izango. Azken bi denboraldietan Zumaiako Pulpo taldean aritu da. Guztira, 53 partida jokatu ditu zumaiarrekin, eta 77 gol sartu. Azken denboraldian sailkapeneko bederatzigarren postuan geratu ziren. Zumaian jokatu baino lehen, herriko Amenabar Zarautz taldean jokatu zuen Manterolak.