Badator larunbat gau dotorea

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 30a

Kuadrilla bat Gala Egunez elegante jantzita. (Juan Luis Romatet)

Etzi, larunbatarekin, Gala Eguna izango da Zumaian. Gukak bere aletxoa jarriko du festan: argazki txokoa izango da Saregile plazan.

Ez dago abuzturik Zumaian Dinastia Etxabe txapelketako partidarik gabe edo Anadek antolatutako arrantza lehiaketarik gabe. Eta zer esan hileko lehen hiru asteburuetan egiten diren ospakizunetaz. Horietatik lehena –besteak Euskal Jai Eguna eta Kuadrillen Eguna dira–, Gala Gaua, larunbatean egingo dute, abuztua modu ezin hobean hasteko.

Ongintzako asmoarekin sortu zuten Gala Gaua XX. mendearen erdi aldera. Beheko Plaza hesitu egiten zuten, eta orkestra batek jotako musikarekin egiten zuten dantza dotore jantzitako orduko zumaiarrek. Sarrerekin ateratako dirua garai hartan udalaren eskumenekoa zen San Juan egoitzara bideratzen zuten. Denborarekin, orkestrarekin egiten zituzten dantzaldi haiek herriko historiara pasatu dira, baina oraindik ere herritarrak galaz janzten dira egun horretarako.

Argazki txokoa eta musika

Azken hamarkadetan egin izan den bezala, argazki txokoa egongo da Saregile plazan, 19:00etatik aurrera eta bi orduz. Hala nahi duten guztiek oholtza txikira igo ahal izango dute, argazkia ateratzera. Irudi horiek igandean ikusgai izango dira Zumaiaguka.eus webgunean.

Musikak ere izango du tartea. 19:00etan hasita, Kita del Pare txarangaren kalejira izango da. 22:00etatik aurrera, Beheko Plazan, 80ko hamarkadako abestien bertsioak egiten dituen La Banda del Pop taldearen kontzertua izango da; eta ondoren, Oizeder Mayo eta Oihan Vega DJen saioak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide