Abuztuaren 3tik 27ra jokatuko dute 54. Dinastia Etxabe txapelketa

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 30a

Dinastia Etxabe txapelketaren antolatzaileak nahiz lehian izango diren pilotariak, Zumaian egindako aurkezpenean. (M. Txintxurreta)

Jubenil kategoriako pilotarien final laurdenak jokatuko dituzte lehen bi jardunaldietan: abuztuaren 3an eta 6an. Aitzuri pilotalekuan izango dira neurketa guztiak eta hilaren 27an jokatuko dute finala.

Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, hasiko da Dinastia Etxabe pilota txapelketa, eta hilaren 27an amaituko den arte, herritarrek esku pilotaz nahiz zesta puntaz gozatzeko aukera izango dute astelehen eta ostegun gauero Aitzuri pilotalekuan.

Eskuz zein zesta puntan ariko dira parte hartzaileak Zumaiako Pilota Elkarteak antolatutako lehian eta, ohi bezala, Aitzurin jokatuko dituzte partidak, 21:00etan hasita. Guztira, 16 bikote (8 jubenil mailakoak eta beste hainbeste elite kategoriakoak) ariko dira eskuzko txapelaren bila, eta beste lau zesta puntako torneoan.

Dinastia Etxape txapelketaren 54. edizioak zenbait nobedade dakartza berekin. Aurten, elite mailak ordezkatuko du 23 urtez azpiko pilotarien kategoria, "pilotari gehiagori eta hobeei lekua egiteko helbuz. Bestalde, lehenengo aldiz, ETBk zuzenean emango ditu hilaren 27ko finalak, eta streaming bidez ere jarraitzeko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Bestalde, iaz ez bezala, aurten ez dute aurre-kanporaketarik jokatuko, eta jubenilen final laurdeneko partidekin hasiko dute txapelketa astelehenean. Maila horietako pilotarien artean, badira nabarmentzen diren zenbait izen, Nazabal, Salaberria, Paraguayo VII.-a, Moto edo Aldaz, kasurako.

Elite mailan, bestalde, honako bikoteak ariko dira lehian: Beitia-Apeztegia, Murua-Sotil, Irribarria II.a-Altuzarra, Lizeaga-Goikoetxea Gutierrez-Balerd, Arrillaga-Santesteban Etxeberria-Elorz eta Egiguren-Bernaola izango dira fina laurdenetako kanporaketa ikusgarriak.

Zestan, etxekoak

Azken lau urteetan bezala, eskuzko torneoaz gain zesta-puntako txapelketa bat ere jokatuko dute Aitzurin, eta herriko bi puntista ariko dira txapela lortzeko borrokan: Cosme Agirre eta Unai Uranga, hain zuzen ere. Urangak Erikekin jokatuko du lehen finalerdia, Etcheberry-Kanpandegiren aurka, eta aurrelariak Salegi izango du bizkartzain, Aaron eta Aratzen aurka.

Profesional mailarako jauzia

Atzo arratsaldean egin zuten jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, eta Zumaiako Kirol Elkarteko lehendakari Josu Larrañagak aurkezpenean elkartu ziren pilotariei nahiz Dinastia Etxabe antolatzeko lan egiten duten boluntarioei eskerrak emateko baliatu zuen aukera.

Ekitaldian izan zen, halaber, Iñaki Ostolaza alkatea, eta Zumaian hainbeste urtez jokatu duten txapelketaren garrantzia nabarmendu zuen hark: "Hemendik pasatu diren pilotari batzuk profesionaletara salto egin dute gero, Landak eta Amianok, adibidez".

Ondorengoa da txapelketaren egutegia:

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide