Aurrez bost lagunek bakarrik egindako balentria errepikatu berri dute bi euskal mendizalek, Urko Zabalak (Izkue, Nafarroa) eta Abel Armendariz zumaiarrak, Madagaskarren (Afrika): Mora Mora bidea egin dute, 700 metroko horma bertikalean eta era askean, alegia, eskuez eta gorputzaz baliatuz, igoeran lagunduko zien inongo sokarik gabe. Lau eguneko erasoaldia egin eta gero lortu zuten bidea gauzatzea. Atseden uneak eta gauak horman bertan igaro dituzte, 350 metroko altueran zintzilikatutako hamaka batean.
"Hormatik orain pare bat ordu jaitsi gara, eta txikituta gaude. Orain bai behar ditugula benetako oporrak", onartu dio Armendarizek Gukari Madagaskartik. "Hilabeterako etorri ginen bailara honetara. Hasieran, gure asmoa zen igoera zailena bukaerarako uztea, baina justu alderantziz egin dugu, eta zailenarekin hasi ginen", gogoratu du. Zumaiarraren esanetan, beste igoera batzuk ere egin dituzte han igarotako egunetan, "baina sona izan duena lehenengoa izan da".
Lau lagunek osatu dute Madagaskarrera joan den taldea, hiru nafarrek eta zumaiarrak, baina Armendarizek dio hasiera-hasieratik, "duela urte erdi prestatzen hasi ginenetik", asmoa zela igoera Zabalak eta berak egitea. "Aurretik ezagutzen ginen, antzeko dohainak ditugu, eta espedizio bat egiteko gogoa genuen. Bagenekien zerbait gogorra egingo genuela, baina ez zer gogortasun maila izango zuen", dio eskalatzaile zumaiarrak. Behin Madagaskarrera helduta, eskaladan aritzeko aukera desberdinak zituztela du gogoan. "Urko lagunak bihozkada bat izan zuen bide honekin, oso zaila da eta errespetua ere ematen du, baina pentsatu genuen probatzeagatik ez genuela ezer galtzen". Hala ekin zioten Mora Mora bidea egiteari.
700 metro, hamabi luze
Mora Mora-k malgaxe hizkuntzan lasai-lasai esan nahi du. Toti Valesek eta Francisco Blancok zabaldu zuten bidea, 1998an. Ondoren, Adam Ondrak 2010ean kateatu zuen, eta Armendarizen arabera, hark proposatu zuen horma horren gogortasun maila 8b+/c izatea. Ondra izan zen, gainera, igoera modu librean egiten lehena. Jarraian, Edu Marinek eta Sasha DiGiulianek 2017an 'askatu' zuten Mora Mora, "eta ordutik, guk dakigula, hurrengoak gu izan gara", dio Armendarizek.
Bi mendizaleek egin duten bideak 700 metro eta hamabi luze ditu, eta zumaiarraren esanetan, "pusketaka igotzen zoaz, eta saiatu behar zara era librean egiten". Sokak bazituzten, baina segurtasunerako tresna gisa bakarrik, amildegira ez erortzeko. "Hormak gogortasun maila handia du orokorrean, baina justu erdian dagoena, zazpigarren luzea, 350 metroko altueran, da benetan gogorra", dio Armendarizek. Horren aurrean, plangintza prestatu zuen bikoteak. "Lehendabizi, jakin behar genuen bidea egitekoak ginen ala ez, agian gehiegi izan zitekeen-eta guretzako", kontatu du zumaiarrak. Hala, hormara gerturatu eta berehala hasi ziren igoera prestatzen. "Lehen sei luzeak egin genituen, eta zazpigarrenera heldu ginen. Probatzen hasi ginen, ikusi genuen zati zailak zituela baina gure ezaugarrietara egokitzen zela, eta orduan animatu ginen".
Bigarren egunean, berriro igo ziren, "baina hamaka eraman genuen gurekin, 350 metroko altueran muntatzeko. Luzea berriro probatu genuen. Urkok pasabide batzuk aurkitu zituen. eta erabaki genuen bidearekin jarraitzea". Atseden egun baten ondoren, hormara bueltatu ziren, bakoitzak 40 bat kiloko pisua gainean zeramala. "Egun askotarako janaria igo genuen, 34 litro ur... Depositoa prest genuen horrela". Gaua horman bertan igaro zuten, eta zati gogorra "jo eta fuego" prestatzen aritu zirela dio eskalatzaileak, "pasabideak-eta lantzen joateko". Bi egunen ostean, berriro jaitsi ziren, igoerarako dena prest utzita eta bidea zabaltzeko lau eguneko erasoaldiari ekiteko gogotsu.
Erasoaldiaren ordua
Behin igoerari ekinda, bi eskalatzaileen helburua "lurretik abiatu eta tontorreraino luze guztiak kateatzea" zela azaldu du zumaiarrak. Luze bat amaitutakoan aurkitzen duten kate batetik soka pasatzeari deitzen diote kateatzea. "Nahiz eta luze batzuk aurretik eginda genituen, erasoaldian berriro egin behar ziren; erortzen bazinen, berriz, jaitsi egin behar zinen, eta berriro behetik hasi". "Zorionez", Armendarizen arabera, erasoaldiaren lehen egunetan hamakaraino heltzea eta luzeak kateatzea lortu zuten. "Urkok, gainera, luze gogorrena egun horretan kateatzea lortu zuen. Handia izan zen hori. Nik ez nuen lortu. Gainera, han haitza oso gogorra da eta hatz asko ireki nituen".
Bigarren egunean zati zailena egiten aritu zen Armendariz. "Une batean kateatzetik hurre egon nintzen, baina pauso bat gaizki eman nuen eta bota egin ninduen hormak. Aukerarik gabe geratu nintzen". Hirugarren egunean, tontorrerako bideari ekin zioten. "Goiko zatiak ez genituen ezagutzen, eta egun interesgarria genuen aurretik", du gogoan Armendarizek. "Luze guztiak lehen saiakeran egin genituen, ondo borrokatuta, erortzear ere egon ginen. Goian bazegoen zati bat oso gogorra, 60 bat metrokoa, ia arrastaka joan behar zinen. Han Urko hustu egin zen, eta ia erori zen. Zorionez, ez zen hala gertatu, eta dena lehenengoan eginda, tontorreraino iritsi ginen". Egun hartan bertan jaitsi zen bikotea hamakara. Azken eguneko lana materiala biltzea eta jaistea izan zuten. "Horretan ere orduak eman genituen".
Esperientzia ahaztezina izan dela dio Armendarizek, baina damu da bidea egiterakoan zatirik kateatu ez duelako. "Biok egin dugu bidea, baina kateatzeak Urkok egin ditu, eta oso pozik nago beragatik; lorpen handia izan da berea. Dudan guztia eman dut, eta horrekin geratzen naiz. Aspalditik gabiltza eskaladan, baina modalitate hau, big wall izenekoa, hamakarekin-eta egiten dena, sekula ez genuen egin. Alde horretatik, esperientzia kristorena izan da".