Klarinete doinuekin hasiko da gaur Zumaiako 42. Musika Jaialdia

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 30a

Gaur kontzertua emango duten instrumentista gazteak. (Utzitakoa)

Gaur hasi eta abuztuaren 9ra arte izango dira musika, dantza eta bestelako ekitaldiak herriko txoko desberdinetan. Iazko Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuten taldeen saioak emango dio hasiera jaialdiaren aurtengo edizioari.

Hastear da Zumaiako 42. Musika Jaialdia. Musika ziklo honen azken urteotan egin bezala, klarinete doinuek emango diote hasiera herriko kultur jarduera beterano horri. Abuztuaren 9ra arte egingo da jaialdia, eta ohi duen bezala, musika, dantza, opera emanaldia eta bestelako ekitaldiak barnebilduko dituen egitarau anitza izango du.

Klarinete doinuekin hasiko da jaialdiko aurtengo edizioa. Emanaldia 19:30ean hasiko da, San Pedro Parroki atzealdean dagoen Mari kalean. Iaz egindako Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuten Gamber Quartet eta Corazon de Melon laukoteak izango dira gaurko protagonistak. Aitor Juez, Noa Petix, Uxoa Aranberri, Leire Usabiaga, Uxue Mitxelena eta Kepa Erkizia musikari gazteek joko dute gaurkoan, eta emanaldian Kovács, Moussorgsky edo Mendelssohnen lanak joko dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide