Klarineteek ireki dute Zumaiako 42. Musika Jaialdia

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 31

Gamber Quartet eta Corazon de Melon taldeen klarinete doinuek abiatu zuten atzo arratsaldean abuztuaren 9ra arte luzatuko den Zumaiako Musika Jaialdia. 

San Pedro parrokiaren atzealdeko Mari kalea izan da Zumaiako 42. Musika Jaialdiaren lehenengo geltokia, eta azken urteetan bezala, klarinete doinuak arduradu dira jaialdia abiatzeaz.

Alde Zaharrera jakinminez hurbildu zen herritar ugariren aurrean aurkeztu zuten atzo arratsaldean Gamber Quartet eta Corazon de Melon laukoteek beren proposamena. Iazko abenduan egindako Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuten talde horiek. Aitor Juez, Noa Petix, Uxoa Aranberri, Leire Usabiaga, Uxue Mitxelena eta Kepa Erkizia musikari gazteek parte hartu zuten atzoko emanaldian, eta Kovács, Moussorgsky eta Mendelssohnen lanak jo zituzten, besteak beste.

Abuztuaren 9ra arte luzatuko da Musika Jaialdia, eta ohi bezala, musika, dantza, opera emanaldia eta bestelako ekitaldiak izango dira herrian. Honakoa da jaialdiaren egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 20:00. Musika Bandaren eta Bitartean Folk Taldearen kontzertua, Odietan.

Abuztuak 2, igandea

  • 20:00. Mozarten Requiem obraren interpretazioa, San Pedro abesbatzaren eta Sapere Aude Sinfoniettaren eskutik, San Pedro parrokian.

Abuztuak 4, asteartea

  • 19:00. Giacomo Pucciniren La boheme obraren opera proiekzioa, Aita Mari zineman.

Abuztuak 5, asteazkena

  • 20:00. Maracumbe taldearen kontzertua, Odietan.

Abuztuak 6, osteguna

  • 18:30. Pirata alferrak haurrentzako ipuin musikatua, komentuko loratgian.

Abuztuak 8, larunbata

  • 20:00. Fabian Thome eta Osa+Mujika dantzarien emanaldiak, Odietan.

Abuztuak 9, igandea

  • 20:00. Manuel Ruizen eta Iliber Ensembleren musika barrokoko Heroe desvelado emanaldia (Donostiako Musika Hamabostaldia), San Pedro parrokian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide