Bitartean musika taldeko laukoteak hogeita hamar aliatu inguru aurkitu ditu Zumaiako Musika Bandan, eta azkenaldian landu duten elkarlanaren emaitza kontzertu eran erakutsi zuten atzokoan Odietan, folkaren erritmo dantzagarriez gozatu zuten herritarren aurrean.
2012an Hernanin sortu zen Bitartean taldeak Argentinako eta Euskal Herriko doinuak uztartzen ditu, eta Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan atzo eman zuten kontzertuan, chacarera, tangoa, arin-arina, fandangoa eta beste eskaini zituzten.
Hernaniko taldeak 2023an kaleratu zuen bere hirugarren eta azken diskoa, Bitartean Folk & Band izenekoa. Lan horretako abesti originalak herri desberdinetako musika bandekin jotzeko egokitu dituzte Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno ibilbide luzeko konpositoreen laguntzarekin, eta horiek jo zituzten atzoko kontzertuan. Gainera, bateko eta besteko musika tradizionalei ukitu sinfonikoa eman zien bandak.
Zumaiako Musika Jaialdiak musika herriko txoko desberdinetara zabaltzen dihardu ostegunaz geroztik, eta biharkoa izango da jaialdiko emanaldi nagusia: Sapere Aude Sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak Mozarten Requiem lana interpretatuko dute 20:00etan San Pedro parrokian.