Gizonezkoen Donostiako Klasikoaren 45. aldia jokatzen ari dira goizetik, eta lasterketa, besteak beste, Zumaiatik igaro da eguerdian. 11:00etan ekin diote kirol hitzorduari, eta ordubete geroago heldu da Zumaiara, Getariatik. Txirrindularitzaren zale ugarik jarraitu dute proba herriko saihesbidetik, eta gogotik animatu dituzte lehiakide guztiak.
Bi multzotan banatuta heldu dira Zumaiara; 12:00ak izateko minutu gutxi falta zirenean sartu dira herrira lehen zazpi txirrindulariak, Tim Rex belgikarra taldearen buru zela. Lehen multzo horretan ere baziren bi euskaldun: lñigo Elosegi zierbenarra eta Nicolas Alustiza zumarragarra, hain justu ere.
Jarraian, minutu gutxiren buruan, ailegatu da pelotoia, Red Bull Bora taldeak gidatuta. Hain justu ere, talde horretako txirrindulari Remco Evenepoel da gaurko hitzordua irabazteko faboritoa, Richard Carapaz Education First taldeko txirrindulariarekin batera. Handik Arroaberako bidea hartu dute, ziztu bizian.