Puntu baliotsua galdu du Zumaiak bi segundotan

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

Zumaiako emakumezkoen trainerua, Getarian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaiako ontzia azkenengo sailkatu da Ondarroan jokatutako estropadan. Bi segundo aurretik amaitu ditu lanak Donostiarrak.

Korronteak eta haizeak eragindako gorabeherak gobernatu behar izan dituzte Santurtziko errioan lehiatu diren traineruek. Euskotren Ligako hamargarren jardunaldian, Orio abiatu da lehenengo txandako estropadaren buruan, eta hasiera ona egin du: bigarren kalean egin du joaneko luzea, korrontearen babesean, eta itzuleran ertzera egin du, Zumaiari kalea irabazita. Hala ere, Donostiarrak atzetik aurrera egin du estropada, eta Orio baino bost segundo aurretik amaitu. 13.45,20 denborarekin, seigarren egin du Oriok.

Donostiarra da Zumaiaren aurkari zuzena sailkapenaren azken postuetan, eta beraz, gaurko estropada bi segundo atzetik amaitzean puntu baliotsu bat galdu dute saregileek. Azkenengo egin dute, lanak 13.50,03 denboran osatuta.

Espero bezala, biziagoak izan dira bigarren txandan jokatu duten traineruak. Baldintzak aldeko izan ez dituen arren, nagusitasunez irabazitako bandera politsikoratu du Arraun Lagunak taldeak eta bere lidergoa sendotzea lortu du. 

Bigarren KAE1 ligan

Arratsaldean, Pedreñan (Kantabra, Espainia) lehiatu dira KAE1 ligan jokatzen duten eskualdeko traineruak; Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere. Estropada txukunak egin dituzte hiru taldeek, baina Enbata-rena izan da balentria, banderari heldu baitio 20.52,91 denborari esker. Atzetik sailkatu da Zumaia, lanak 21.06,53 denboran amaituta, eta atzerago gelditu da Orio: 21.47,18 denborarekin, hamargarren postuan amaitu du Pedreñako estropada.
 
Bihar, Lekeition (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren jardunaldia Euskotreneko arraunlariek. KAE1 ligakoak, berriz, Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide