Jardunaldi apala izan da gaurkoa Zumaiarentzat

Intza Trula 2026ko abuztuaren 2a

Zumaiako gizonezkoen trainerua pasa den astean, Zumaiako estropadan. (Ivan Rodriguez)

Euskotren ligako estropada Lekeition (Bizkaia) jokatu dute, eta Arraun Lagunak-ek 11. bandera lortu du bertan. Zumaiak, berriz, azken postuan amaitu du. KAE 1 ligan, Zarautzek asteburua borobildu du: Santanderren (Kantabria, Espainia) jokatu duten estropadan nagusi izan da, eta Zumaia laugarren sailkatu da.

Lekeitio (Bizkaia) izan da asteburuko azken erronka Euskotren ligako traineruentzat. Pasa den asteko eguraldi eskasaren eta itsaso zakarraren arrastorik ez da izan gaurkoan, eta, kontrara, arraunerako baldintza egokiekin jokatu dute proba. Arraun Lagunak-ek garaiezina dela erakutsi du beste behin: estropada eremuko marka hautsi du, lanak 10:48;35eko denboran amaituta, eta denboraldiko 11. bandera poltsikoratu du. Oriok seigarren egin du (11:07,40), eta Zumaiak azken postuan amaitu du (11:17,18).

Lehen txandan uretaratu dira eskualdeko bi traineruak, Orio eta Zumaia, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin batera. Kike Manterolaren eta Xanti Zabaletaren ontziek txukun eman dituzte lehen paladak, eta hasierako minutuetan txandako goi postuetan kokatu dira biak ala biak. Ordea, postu horiek ez diete denbora luzez iraun. Izan ere, Donostiarra indarra hartzen hasi da, eta ziabogara heltzerako txandako lider kokatu da. Hibaikak ere gorantz egin du, eta Orio eta Zumaia pasatzea lortu du. Ahaleginak egin dituzten arren, azkenean, txandako hirugarren eta laugarren amaitu dute Oriok eta Zumaiak, hurrenez hurren. Donostiarra sailkatu da lehenengo postuan, eta Hibaika bigarren.

Estropadako lehen postuak ohorezko txandan banatu dira, eta, beste behin, Arraun Lagunak izan da nagusi: 11 banderetatik 11 irabazi ditu. Gaurkoan, ordean, Tolosaldeak gertutik jarraitu du liderra estropada osoan zehar, eta San Juan ere ez da urruti ibili. Halere, donostiarrek Tolosaldearekiko lauzpabost segundotako tartea mantentzea lortu dute proba osoan. Hala, San Juan sailkatu da txandako hirugarren, eta Astillero laugarren.

Hori horrela izanik, Lekeitioko (Bizkaia) estropadako lehen postuan sailkatu da Arraun Lagunak; bigarren Tolosaldea; hirugarren San Juan; laugarren Donostiarra; bosgarren Hibaika; seigarren Orio; zazpigarren Astillero; eta, zortzigarren Zumaia. Gaurko jardunaldiaren ostean, Orio bosgarren postuan da sailkapen orokorrean, 35 punturekin. Zumaia, berriz, egoera zailago batean dago: azken postuan da egun, 21 punturekin, eta sei puntura du azken-aurrekoa, Donostiarra.

KAE 1 liga, Santanderren

KAE 1 ligari dagokionez, Zarautzek jardunaldia borobildu du, asteburuko bigarren bandera eskuratuz. Atzo Pedreñan (Kantabria, Espainia) irabazi zuen Enbatak, eta gaur Santanderren (Kantabria, Espainia) nagusitu da.

Nagusitasunez irabazi du Zarautzek (21:08,43), bigarren izan den Deusturi 11 segundo baino gehiago atera baitizkio. Hirugarren sailkatu da Kaiku, eta haren atzetik Zumaiak egin du denbora azkarrena (21:31,00). Orio B taldeak, berriz, bederatzigarren postuan amaitu du gaurkoan (22:00,80).

KAE 1 ligan, sailkapen orokorrean, lider jarraitzen du Zarautzek, 124 punturekin, baina Deusturekin berdinduta dago. Hirugarren sailkatua da Zumaian, eta 11 puntura ditu lehen bi postuetako ontziak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide