Esprint modalitateko Espainiako piraguismo txapelketa irabazi du Irati Osak

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 3a

Ezkerretik, Irati Osa, Aimar Amundarain eta Ana Martinena. (Utzitakoa)

Begoña Lazkanorekin bikotea osatuta lortu du zumaiarrak garaipena k2 1.000 metroko distantzian, pasa den astean Asturiasen (Espainia) jokatutako txapelketan. Ana Martinenak, bere aldetik, bi zilarrezko domina lortu ditu txapelketa horretan.

Irati Osa piraguista zumaiarrak beste domina bat gehitu du palmaresera. Pasa den ostegunetik igandera bitartean esprint modalitateko Espainiako piraguismo txapelketa jokatu da Asturiaseko Trasona urtegian. K2 ontzian, 1.000 metroko distantzian, urrezko domina erdietsi du Osak. 

Begoña Lazkano donostiarrarekin bikotea osatuta lortu du garaipena Osak. Estropada lehiatua izan zen distantzia horretan jokatutakoa, eta 42 ehuneko aldea besterik ez zen izan irabazleen eta bigarren egin zuen Breogan klubeko bikotearen artean. 

Osak gogoratu duenez, distantzia horretan lehiatu diren bakoitzean urrea atera dute elkarrekin. "Oso ondo koordinatzen gara K2an, oso eroso joaten gara, eta gure helburua hura zen: podiumeko goiko postuan izatea. Lortu dugu eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin". Donostia Kayak kluba ordezkatzen lortu du Osak garaipena. "Txapelketa horretan parte hartzeko klub berekoak izan behar dute bi piraguistak", zehaztu du Osak, baita gogoratu ere aurreko batzuetan Lazkano aritu dela Itxas Gainen kamisetarekin. 

Beste bi probatan ere aritu da Osa Trasonako hitzorduan. 1.000 metroan, baina k1ean, B finaleko irabazlea izan zen, finalerdietan A finaletik kanpo geratu ondoren. 500 metroan, berriz, k2an, Begoña Lazkanorekin baita ere, seigarren egin zuen.

Ana Martinenak zilarra

Itxas Gain klubeko beste piraguista ere aritu ziren Espainiako txapelketan. Aimar Amundarain, K1ean, 1.000 metroan, bederatzigarren izan zen C finalean. Ane Martinena, bere aldetik, Santiagotarrak klubarekin aritu zen txapelketan. Banakakoan bosgarren izan zen B finalean, baina zilarrezko domina irabazi zuen K2 1.000 metroan, junior kategorian, Eider Ceciliarekin bikotea osatuta. Ez zen izan lortutako domina bakarra, k4 500 metroan zilarrezko bigarren domina bat lortu zuelako, kasu horretan Katixa Franco, June Arrastua eta Eider Ceciliarekin laukoa osatuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide