Traineru Kluben Elkarteko (TKE) epaileak diziplina espedientea zabaldu die uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen Fabrika banderatik erretiratzea erabaki zuten Euskotren Ligako sei klubei. Horien artean dira Orio eta Zumaia. Epailearen arabera, araudiaren haustura suposatu zuen sei klub horien jarrerak, eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu du orain.
Gorabeheratsua izan zen uztailaren 25ean Donostiako badian gertatutakoa, eta orduko gertakariek oraindik ere eragina izaten jarraitzen dute. Uztaileko azken larunbatean zen jokatzekoa Fabrika bandera Donostian; Euskotren eta Eusko Label ligetarako puntuagarriak izango ziren bi estropada haiek, baina bietako bat, emakumeena, ez zuten jokatu.
Arratsaldeak aurrera egin ahala itsasoaren egoera makurtzen joan zen, haizearen indarra handitzen. TKEko batzorde teknikoak, hala ere, estropadarekin jarraitzea erabaki zuen. Komitearen erabakia ez zen klubetako entrenatzaileen gustukoa izan, eta arranplan bilera egin zuten. Hartutako erabakia bandera ez lehiatzea izan zen, arraunlarien segurtasuna bermatzeko. Erabakia hartu eta gero, klub guztiak handik joan ziren, Donostiarra eta San Juan taldeetako kideak izan ezik.
Giroa oraindik gehiago nahasteko, batzorde teknikoak jarduerarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, eta estropada erlojupekoa izango zela esan zuen. Bi traineru besterik ez zeuden, ordea, Donostiako kaian, Donostiarra eta San Juan, besteak ordurako handik joanda zeudelako. Estropada hasteko ordua ere pasatuta zegoen ordurako. Pasaitarrak estropadaren eremuan sartu ziren, baina azkenean, emakumeen estropada bertan behera utzi zuten. Gizonen traineruek bai, haiek jokatu zuten bandera.
Arau hauste larria edo oso larria
Ordutik hamar egun igarota etorri da TKEko diziplina epailearen erabakia. Diziplina prozedura zabaldu die egun hartan estropadatik erretiratzea erabaki zuten sei klubei, hala nola Astillerori, Donostia Arraun Lagunaki, Hibaikari, Oriori, Tolosaldeari eta Zumaiari. Epailearen arabera, batzorde teknikoak erabakia hartu aurretik joan ziren sei klub horiek Donostiako kaitik. Jarrera hark elkartearen arauak modu larrian edo oso larrian haustea suposatzen duela iritzi dio epaileak, eta horregatik zabaldu du sei klun horien aurkako ezohiko prozedura. Aipatu klubei alegazioak aurkezteko aukera ere eman die, dena den, epaileak.
Guka Orioko eta Zumaiako arraun elkarteekin harremanetan jarri da haien iritziak jasotzeko. Zumaiako Telmo Deun arraun elkartearen zuzendaritza batzordea gaur da biltzekoa, eta epailearen erabakia izango da aztetuko duten gaietako bat.