Beitia II.a-Apeztegia eta Landa-Salinas bikoteak, nagusi Etxabe Dinastiako lehen jardunaldian

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 4a

Atzoko jardunaldian aritutako pilotari batzuk. (Utzitakoa)

Atzo gauean jokatu zituzten Aitzuri pilotalekuan aurtengo Etxabe Dinastia pilota txapelketari hasiera eman dioten lehen bi neurketak; final-laurdenetako lehen jardunaldia izan zen atzokoa. 

Abian da dagoeneko aurtengo Etxabe Dinastia pilota txapelketa. Aitzuri pilotalekuak hartu zituen pilota txapelketa beterano horren –54. aldia da aurtengoa– lehen bi partidak, final-laurdenetako lehen jardunaldiari zegozkionak. Jubenil eta elite kategoriako partida bana hartu zituen Zumaiako pilotalekuak lehen jardunaldi horretan. 

Jubenil mailako partidak eman zion hasiera gauari. Bertan, Landa-Salinas eta Etxaniz-Anzizar bikoteak neurtu ziren. Historia gutxiko partida izan zen, hasiera bertatik bideratuta utzi zutelako Landak eta Salinasek. Erritmo gutxiko partidan, atzo urdinez aritu zen bikoteak jokoaren eta markagailuaren kontrola hartu zuen hasieratik, eta partidaren erdira 11 eta 2 emaitzarekin heldu zen. Maila berearekin jarraitu zuten partidaren bigarren zatian, eta amaieran 22 eta 5 emaitzarekin irabazi zuten, finalerdietarako txartela lortuz.

Helduen norgehiagokan, Beitia II.ak eta Apeztegiak euren faborito izaera berretsi zuten eta partida 22 eta 11 emaitzarekin irabazi zieten Galartza eta Sotili. Hasiera batean partida estuagoa espero bazen ere, neurketak oreka une gutxi izan zituen. 22-11ko garaipen horrekin, txapela janzteko faboritoek txapelketari hasiera bikaina eman zioten. Apeztegiaren sendotasuna atzeko koadroetan eta Beitia II.aren erabakigarritasuna aurreko koadroetan izan ziren garaipen argiaren giltzarri nagusiak.

Etzi, bigarren jardunaldia

Ostegunean, abuztuaren 6an, jokatu dute txapelketako bigarren jardunaldia, 21:00etik aurrera Aitzuri pilotalekuan. Final-laurdenetako bigarren jardunaldia izango da, eta honakoak izango dira neurketak:

  • Jubeniletan: Salaberria anaiak vs Etxabe-Moto.
  • Elite mailan: Irribarria II.a-Javi Altuzarra vs. Lizeaga-Goikoetxea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide