Pirata alferren abenturek hartuko dute ostegunean Komentuko lorategia

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 4a

'Pirata alferrak' antzerki musikatuaren sortzaile eta interpreteak, Komentuko entsegu gelan. (Juan Luis Romatet)

Sei gaztek sortu, antzeztu eta interprertatutako Pirata alferrak antzerki musikatua aurkeztuko dute ostegunean Zumaiako 42. Musika Jaialdiaren barruan. Hura ikusteko gonbidapenak ahitu dira dagoeneko. 

Haurrei zuzendutako eskaintza ere izango da Zumaiako Musika Jaialdiaren aurtengo aldian. Etzi, ostegunean, 18:30ean hasita, Pirata alferrak izeneko antzerki musikatua ikusteko aukera izango da Komentuko lorategian. Ikuskizuna jarraitzeko gonbidapenak gaur goizean jarri dituzte eskuragarri eta minutu gutxitan agortu dira. 

Antzerki musikatu horren atzean sei gazte daude, Zumaiako lau eta Debako eta Donostiako bana: Intza Martin, Malen Emezabal, Nagore Sanchez, Martina Soto, Imanol Balentziaga eta Maialen Urretabizkaia. Intza Martinen aitaren, Aser Martinen, laguntza ere izan dute: bereak dira ikuskizuneko dekoratuak. 

Zumaiako Udaleko Kultura sailak egindako gonbidapena izan da ostegunean estreinatuko duten ikuskizunaren abiapuntua. "Kultur teknikaria gurekin harremanetan jarri zen, umeentzako zerbait egitea nahi zuelako", esan du Intza Martinek. "Iaz eman nuen umeentzako kontzertu didaktiko bat metalezko instrumentuak ezagutzera emateko, eta orduan esan zigun Miriamek [Romatet, kultur teknikaria] haurrentzako zerbait egitea nahiko lukeela, eta herriko jendeak egitea aproposa izango zela".

Taldea inguratuta, haurrentzako istorio bat kontatzea otu zitzaien, beti ere musikaren bitartez. "Batek esan zuen piratak pertsonaia egokiak izango zirela, eta hariari tiraka, segituan sortu genuen istorio osoa", esan du Martinek. Argitu du ipuin musikatua izan beharrean, antzerki musikatua dela gazteek sortutakoa. "Hasieran, WhatsApp bidez jaso genituen ideiak, eta gero elkartu eta gainerako elementuak zehaztu genituen: zer musika jo, antzerkia nola egin, gidoia zehaztu... Eta gero dena uztartu genuen", gaineratu du. "Ideia bagenuen, baina muntatze lanekin ekainera arte ez ginen hasi".

Sei kideak musikaren munduan arituak dira, baina bi kidek salbu, besteek ez dute aurretik esperientziarik izan antzerkigintzan. "Intzak eta biok antzerkiko ikastaro bat egin dugu, baina hortik aurrera ezer ez. Esperientziarik ez dugu, baina bagara pixka bat lotsagabeak", azaldu du Emezabalek. 

Ikuskizunaren izenak garbi uzten duen bezala, piratak dira antzerki musikatuko protagonistak. "Ohiko bizitza utzi dugu piratak izateko, baina denok sakelakoekin erabat kateatuta gaude. Dena den, eskuko telefonorik ez izatera eramaten gaituen zerbait gertatzen da, eta... Mugikorra edo altxorra aukeratu behar dugu, eta gure artean liskarrak sortuko dira. Horraino kontatu dezakegu", adierazi du Martinek. 

Emanaldia 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta badago ere, haren sortzaileek uste dute beste adin tarte batzuetako umeek, gaztetxoek zein helduek ere ondo pasatu dezaketela piraten joan-etorriekin.

Pirata alferrak ikuskizuna etzi estreinatuko dute Komentuko lorategian. Behin hitzordu hori igarota, ikuskizunaren sortzaileak eta interpreteak prest daude piraten ontzira igo, eta haizeak bultzatuta, beste herriren batean aurkezteko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide