Sakelakoa alde batera utzi eta altxorraren bila aritu dira Komentuko lorategian

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 7a

Pirata alferrak haurrentzako antzezlan musikatua aurkeztu zuten atzo arratsaldean Komentuko lorategian, Zumaiako 42. Musika Jaialdiaren barruan. Gonbidapenak aurretik ahituta zeuden, eta belargunea bete zuten haurrek zein helduek. 

Zumaiako Musika Jaialdiak aspaldidanik egin izan dio tartea haurrei zuzendutako ekitaldiei, eta atzoko berezia izan zen. Izan ere, sei gaztek, Intza Martinek, Malen Emezabalek, Nagore Sanchezek, Martina Sotok, Imanol Balentziagak eta Maialen Urretabizkaiak sortu, antzeztu, abestu eta interpretatutako Pirata alferrak antzezlan musikatua estreinatu zuten Komentuko lorategian, jaialdiaren barruan. 

Sei pirata dira antzezlaneko protagonistak, baina abenturetan murgildutakoak baino, sakelekoek harrapatutako piratak dira haiek, eta aparailu horietatik askatzeko aukera izango dute. Hala, altxorraren bila abiatu ziren, ikuskizuna jarraitzera joan ziren haurrek lagunduta. 

Eguraldia lagun, ikuskizun polita jarraitzeko aukera izan zuten belargunea bete zuten haurrek eta haien gurasoek. Emanaldiak interesa piztu zuen seinale, gonbidapenak ordu gutxian agortu ziren. 

Bihar dantza

Zumaiako Musika Jaialdiak gaur atsedena hartuko du, baina bihar bi dantza garaikide ikuskizun izango dira Odieta piotalekuan, 20:00etan hasita. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide