Eñaut Lizeaga izan da Etxabe Dinastiako bigarren jardunaldiko protagonista nagusia

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 8a

Aitzuriko harmailak pilotazaleez betetan, osteguneko jardunaldian. (Utzitakoa)

Ostegun gauean jokatu zuten pilota txapelketako bigarren jardunaldia, Aitzuri frontoian. Elite mailan, Lizeagak eta Goikoetxeak lortu zuten garaipena, finalerdietarako txartela eskuratuz. 

Etxabe Dinastia pilota txapelketaren final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatu zuten ostegun gauean, Aitzuri pilotalekuan. Fase horretako beste jardunaldietan gertatuko den bezala, jubenil eta elite kategorietako parta banaz osatuko da gaueko kirol eskaintza. 

Jubeniletan, Salaberria anaiek 22 eta 5 hartu zituzten mendean Etxabe eta Moto. Akats ugari izan zen partidaren hasieran bi bikoteen aldetik, eta markagailuak orekatuta jarraitu zuen lehen tantoetan. Hala ere, neurketak aurrera egin ahala gorriek jokoari abiadura handiagoa eman zioten, eta Julen Salaberriak atzean erakutsitako sendotasunari esker aldeak zabaltzen hasi ziren. Atsedenaldira 11-5 iritsi ziren, eta handik aurrera ez zuten aurkarien erreakziorako aukerarik eman. 

Elite mailako partidak ikusmina bete zuen eta txapelketako tantorik ikusgarrienetako batzuk ikusi ahal izan zituzten Aitzurira bertaratu ziren pilotazaleek. Lizeaga-Goikoetxeak 22 eta 13 irabazi zieten Txoperena-Javi Altuzarrari. Bi aurrelariek erritmo handiko lehia eskaini zuten, eta atsedenaldira 11-10eko markagailu estuarekin iritsi ziren, lehen zatiko parekotasunaren erakusgarri.

Eñaut Lizeaga izan zen gaueko protagonista nagusia. Aurrelariak partida bikaina jokatu zuen, eskuin boleaz, gantxoaz eta era guztietako erremateekin etengabe min eginez. Bere joko ikusgarriak behin baino gehiagotan ikusleak eserlekuetatik altxarazi zituen. 

Astelehenean, hirugarren jardunaldia

Datorren astelehenean, hilaren 10ean, jokatuko dute txapelketako hirugarren jardunaldia. Ohi bezala, jaialdia 21:00etan hasiko da Aitzuri frontoian. Jubenil mailan, Paraguayo VII.a eta Artetxe, Oses eta Olanoren aurka arituko dira; elite kategorian, berriz, Gutierrezek eta A. Balerdik, Arribillaga eta Santesteban izango dituzte aurkari. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide