Sella ibaiaren 88. Nazioarteko Jaitsiera jokatu dute gaur eguerdian. Zumaiako piraguisten multzo handi bat joan da Asturiasera proba entzutetsu horretan parte hartzera. Batzuk Itxas Gain klubaren kamisetarekin lehiatu dira, eta Euskadiko selekzioarekin beste batzuk. Txalotzeko moduko emaitzak lortu dituzte denek ere.
Arriondas herritik atera dira piraguistak 12:00etan. Partaide multzo handi horren artean lekua aurkitzea izan dute erronka piraguista guztiek. Kategoria txikietako kirolariek Lloviu herrira arteko bidea egin dute, eta gorenekoek, Ribadesellara artekoak. Estropada amaituta, Zumaiako bost piraguistak lortu dute podiumera igotzea.
Irati Osa bigarren izan da emakume seniorren k1 estropadan. 1.26.16 denbora egin du gaur Euskadiko selekzioarekin lehiatu den zumaiarra, irabazle izan den Zsofia Czellai hungariarrarengandik 11 segundora. Emakumeetan, halaber, 23 urtez azpikoen k1 kategorian garaipena lortu du Eider Amundarainek, eta juniorretan Ana Martinena ere podiumeko goiko postura igo da, k2an Saioa Perezekin bikotea osatuta.
K2 mistoan, senior kategorian, lau izan dira podiumean izan diren zumaiarrak: Oier Aizpurua eta Maddi Uzkudun bigarren izan dira, eta Asier Aizpurua eta Maite Etxabe hirugarren. Hurbil izan dira Eukene Saez eta Iñaki Fernandez ere; bosgarren egin du bikote horrek.
Zumaiako kirolariek lortutako gainerako emaitzei dagokienez, Aimar Amundarain 21. izan da gizonezkoen seniorren k1 mailan; Josu Urbistondo eta Danel Cuadrado 13. gizonezko juniorren k2 mailan; eta Oihan Irizar 14. junior gizonen k1 mailan.