Traineru denboraldian aurretik gertatu izan den bezala, Telmo Deun trainerua garaipena erdiestetik hurbil izan da gaur ere. Hondarribian jokatu dute gaur eguerdian KAE1 ligarako puntuagarria zen estropada, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XX. Bandera, hain zuzen ere.
Zumaia ohorezko txandan lehiatu da, eta Deustu, Zarautz eta Kaiku izan ditu aurkari, denboraldi osoan zehar aurrean doazen traineruak. Bizkor abiatu da Zumaia lehen luzean, eta ziaboga lehen postuan eman du, Deusturi hiru segundoko aldea atereaz eta lau Zarautzi. Bueltakoan hobeto moldatu dira bizkaitarrak, eta parean eman dute ziaboga Zumaiak eta Deustuk. Bien arteko berdintasuna estropada osoan mantendu da, Zarautz atzean geratu delarik. Amaieran, Deustu izan da azkarrena, eta bigarren Zumaia lau segundora. Zarautzi bederatzi segundo atera dizkio gaur Telmo Deunek.
Sailkapen orokorrean Deustu da buruan 136 punturekin, eta Zarautz da bigarren 134rekin; Zumaia, berriz, hirugarren da 124 punturekin. Bihar ere estropada izango dute Telmo Deun arraun elkarteko mutilek. Errenterian izango da, 13:00etatik aurrera. Erlojupeko estropada izango da, bi luzerekin eta ziaboga bakarrarekin.
Emakumeak gaur ere zortzigarren
Euskotren ligako ontziek Ondarroan izan dute gaur hitzordua. Arratsaldean jokatu dute VI. Ondarroako Bandera, eta Zumaiako traineruak ezin izan du aurreko estropadetako emaitzak hobetu.
Lehen txandan aritu dira saregileak Donostiarra, Orio eta Hibaikarekin batera. Zumaiarren helburua azkena geratu ez eta Donostiarrak sailkapenean ateratzen dion aldea murriztea zen. Ez da, ordea, posible izan, zortzigarren egin dutelako Ondarroako uretan. Donostiarra eta Zumaiaren artean, gainera, San Juan kokatu da eta, beraz, aldea beste bi puntutan handitu da. Hala bost estropadaren faltan, zortzi puntu ateratzen dizkie hiriburukoek zumaiarrei.
Bihar Hondarribiak hartuko du Euskotren ligako estropadaren antolakuntza. Emakumeen Balfego Bandera izango da jokoan eguerditik aurrera.