Gaztela-Mantxako Itzulia irabazi du Maite Urteagak

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 9a

Maite Urteaga, erdian, Gaztela-Mantzako Itzuliko podiumean. (Utzitakoa)

Mendiko Saria ere irabazi du Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari zumaiarrak. Bi etapaz osatutako proba laburra izan da, eta ostirala eta larunbata artean jokatu dute. 

Garaipenen egarria ez zaio asetu Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrari. Pasa den asteburuan Frantziako Akitania Berria eskualdean jokatutako Charente Maritime itzulia irabazi eta gero, asteburu honetan podiumeko goiko postura igo da Urteaga Gaztela-Mantzako Itzulian. Bitan, gainera, sailkapen orokorra irabazteaz gain, Mendiko Saria ere bereganatu duelako. 

Guadalajara eta Cuenca probintzien artean jokatutako bi etapaz osatu da txirrindularitza itzuli hura. Lehena, laburra, 77 kilometrokoa, ostiralean jokatu zuten, eta atzo bigarrena, 111 kilometrokoa. Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariak ez du oraingoan etaparik irabazi, baina bere taldeak kontrolpean izan du lasterketa. Lehen etapan Mendiko Sarirako puntuak pilatu zituen zumaiarrak.

Bigarren etaparen erdi aldera ihesaldia izan zen, eta une batzuetan hango partaideetako bat lider ere jarri zen, baina jarraian izan ziren hiru mendatek gogortu egin zuten lasterketa. Iheslari batek, Vasquezek, erasoa jo zuen azken mendatean, baita Urteagak urrutitik erantzun ere. Azkenean bigarren izan zen zumaiarra, irabazlearengandik zazpi segundora. Bi etapetako denborak kontutan hartuta, ordea, Urteagarentzat izan da Gaztela-Mantxako itzulia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide