Espresioa eta kontakizuna gorputzaren mugimenduen bidez

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 9a

Dantza garaikideko bi ikuskizunez osatu da Zumaiako 42. Musika Jaialdiaren azkenaurreko hitzordua. Jaialdia gaur agurtuko da, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuarekin. 

Dantza garaikideari tartea egin diote aurten ere Zumaiako Musika Jaialdiko egitarauan. Bi ikuskizunez osatu zen atzoko hitzordua, aurtengo jaialdiko azkenaurrekoa. Aire zabalean, Odieta pilotalekuan egin behar zen emanaldia, azkenean Komentura lekualdatu zuten denboraleagatik, eta zaletuek bete egin zuten saioak hartu zituen gela. 

Fabián Thomé zuzendari eta koreografoak sortutako Nahas ikuskizuna izan zen errepresentatzen lehena. Itzel Vela eta Marina Alonso dantzariek eraman zuten jendaurrera Thoméren lana, non interdependentzia, ahalduntze kolektiboa eta lotura fisiko eta 
emozionalaren bidez oreka aurkitzearen edertasuna aztertzen dituen.

Osa+Mujika bikoaren Tupper ikuskizunak hartu zuen lekukoa. Jaiotz Osa koreografo zumaiarrak sortutako lana, Rafke van Houplines, Paula Parra eta Osa bera izan zituen interprete. Etengabe besteak gainditzera eta onena, indartsuena izatera eramaten duen lehia irudikatu zuen hirukoak dantzaren bidez. 

Musika Hamabostaldiko kontzertua, gaur

Gaur amaituko da Zumaiako 42. Musika Jaialdia, eta Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuak agurtuko du aurtengo aldia. Heroe desvelado du izena gaurko emanaldiak eta musika barrokoko hainbat lan entzuteko parada izango da 20:00etatik aurrera San Pedro Parrokian. Manuel Ruiz kontratenoreak kantatuko ditu Händel, Vivaldi edota Hasserren obrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide