'Saregileek' hortzak erakutsi dituzte gaur Hondarribian hirugarren eginda

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 9a

Saregileak Zarauzko estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Euskotren ligan mantentzeko borrokatzeko prest daudela erakutsi dute gaur Zumaiako neskek estropada bikaina egin, lehen txanda irabazi eta hirugarren denbora onena eginda. Telmo Deuneko gizonezkoek ere hirugarren egin dute erlojuaren kontra Errenterian (Gipuzkoa). 

Zumaiako Arraun Elkarteko emakumeek denboraldiko estropada onena egin, eta hirugarren postuan sailkatu dira gaur Hondarribiako uretan. Lehenengo txanda irabazi dute saregileek, eta ziabogan San Juan eta biak parez pare ziren arren, bueltako luzean atzean utzi ditu Hibaika, Donostiarra eta San Juan, eta 11.06.16 denbora eginda, ohorezko txandakoen Tolosaldea eta Astillero ere atzean utzi ditu. Azken postuan da Zumaia, baina gaur hortzak erakutsi ditu, eta argi dago Euskotren ligan mantentzeko borrokatu egingo duela. Hala azpimarratu du estropada amaitu berritan Amane Jimenez patroi azpeitiarrak ETBko kameren aurrean; azken hiru jardunaldietan gaurkoa bezalako lan ona egiten saiatuko direla esan du. 

Estropada Arraun Lagunakek irabazi du beste behin 10.55.02 denbora eginda, eta Orio izan da bigarren, lanak 11.03.54 denboran amaituta. 

Gaurko emaitzen ostean, Zumaiak sei puntura dauka Donostiarra; horrek 34 puntu ditu eta 28 ditu, berriz, Zumaiak. 

Gizonezkoetan ere oso fin ibili da Zumaia, eta hirugarren sailkatu da Errenterian (Gipuzkoa) erlojuaren kontra egindako estropadan. Atzo bezala, gaur ere Deusto gailendu da 19.36.62 denbora eginda. Zarautz izan da bigarren 19.48.12 denborarekin, eta Telmo Deunek 19.50.88 denborarekin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide