Udako azken festa eguna izan ohi da Olagarro Eguna. Aurten irailaren 19an ospatuko dute olagarroa protagonista duen jaia Zumaian, eta aurreko urteetan egin bezala, antolatzaileek dei egin diete herriko elkarteei festaren antolakuntzan lagundu dezaten. Zehazki, herriko gune desberdinetan jarriko dituzte txosnetan edo plazan egingo den herri bazkarian lan egiteko laguntza beharko dute.
Udalak jakitera eman duenez, honakoak dira egun horretan egin beharreko lanak:
- Txosnetako lana: txosna bakoitzeko talde bat. Ostiralean talde bakoitzetik 20 lagun (16 urtetik gorakoak) gutxienez, olagarroa moztu eta brotxetak egiteko bildu beharko dira. Larunbatean, berriz, 09:00etatik 23:00etara luzatuko da egin beharreko lana, eta txosna bakoitzean 15-20 lagun aritu beharko dira.
- Herri bazkaria zerbitzatzea: talde batentzat lana. Lan honetako ezaugarri nagusiena da 400 lagunei herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak (25 bat lagun). Montatze-desmontatze lanen koordinazioa Udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.
Deialdian parte hartzeko interesa duten talde edo elkarteek baldintza batzuk beharko dituztela ere adierazi dute antolatzaileek. Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteek hartu dezakete; elkarte horiek udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte; eta taldetako kideek euskaraz jarduteko gai izan beharko dute. Gainera, edariak banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.
Interesdunek Zumaiako Udaleko Turismo Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-14 33 96 telefono zenbakira deituta, edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikora idatzita. Eskabideak aurkeztekoa epea hurrengo asteazkenean, abuztuaren 19an itxiko dute.