Maila handiko bi pilota partida ikusteko aukera izan dute Aitzurin

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 11

Atzoko jardunaldiko irudi bat. (Utzitakoa)

Etxabe Dinastia pilota txapelketako final laurdenetako hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo Aitzuri pilotalekuan. Bertaratu ziren pilotazaleek maila handiko bi neurketa ikusteko para izan zuten.

54. Etxabe Dinastia Txapelketa bigarren astean sartu da, eta atzo final laurdenetako hirugarren jardunaldia izan zen jokoan. Aurrekotan bezala, jubenil eta elite kategorietako partida bana jokatu zuten Aitzuri pilotalekuan. Pilotazale ugari bertaratu zen Zumaiako frontoira neurketak jarraitzera. 

Jubeniletako partidarekin hasi zen atzoko pilota jaialdia. Oses-Olano bikoteak 22-12 hartu zuen mendean Paraguayo VII-Artetxe, hasieratik ondo bideratutako neurketa batean. Hasiera fina izan zuen Osesek, kalitate handiko hainbat erremate eginez, eta Olanok atzean erakutsitako sendotasunarekin batera, bikote urdinak berehala zabaldu zuen aldea markagailuan. Paraguayo VII.a atsedenaren ondoren suspertzen saiatu zen eta kalitatezko tanto batzuk ere egin bazituen ere, bikote urdinaren nagusitasuna etengabea izan zen.

Gaueko bigarren neurketa, elite mailakoa, egungo txapelketako partidarik onena izan zen askorentzat. Arribillaga-Santesteban bikoteak 22-16 irabazi zion Irribarria-Balerdiri, erritmo handiko, intentsitate handiko eta kalitatezko tanto ugariko lehia ikusgarrian. Hasiera berdinduaren ondoren, bosnako berdinketaren ostean, 15-5era arte joan ziren Arribillaga eta Santesteban. Irribarriak et Balerdik erreakzioa izan zuten, eta 19-16ra hurbildu ziren. Azken tantoak, baina Arribillaga eta Santestebanentzat izan ziren, partida 22-16 emaitzarekin irabazita. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide