Emozioz betetako partida luze eta gogorra bizi izan dute Etxabe Dinastiaren barruan

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 14a

Lau pilotariak, atzo Aitzurin, atsedeneko une batean. (Utzitakoa)

Etxabe Dinastiako final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten atzo gauean Aitzuri frontoian. Datorren astean jokatuko dituzten finalerdietarako neurketak erabakita geratu dira hala. 

Final laurdeneri agurra eman zioten atzo Etxabe Dinastia pilota txapelketan. Faseko laugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten atzo Aitzuri txapelketan, eta era horretan erabakita geratu da datorren astean jokatuko dituzten finalerdietako neurketak. 

Ohi bezala, jubenil kategoriako partidak eman zion hasiera gauari. Bertan, Perezek eta Elolak 22-17 irabazi zieten Aldaz eta Ibarzabali. Elola azken orduan sartu zen bikotean, Aitor Etxeberriaren ordez, eta partida serioa osatu zuen. Hasierako berdintasunaren ondoren (1-1 eta 2-2), gorriek partidaren kontrola hartu zuten eta 8-2, 10-4 eta 16-6ko aldeak zabaldu zituzten. Urdinek ez zuten amore eman eta 17-11tik aurrera aldea murrizten saiatu ziren. Aldazek sei tanto egin zituen jokoan eta bost sakez, baina bikote gorriak abantaila kudeatzen jakin zuen 22-17ko azken emaitzara arte. Partidak 47 minutu eta 388 pilotakada izan zituen.

Elite kategoriakoa izan zen gaueko partida handia. Oihan Etxeberriak eta Elorzek 22-21 irabazi zieten Iker Egiguren eta Aingeru Bernaolari, emozioz beteriko partida luze eta gogorrean. Berdintasuna izan zen partidaren hasieran, baina ondoren Egiguren eta Bernaola nagusitzen hasi ziren. 6-8, 9-13 eta 10-16 jarri ziren aurretik, eta partida urdinen alde makurtzen ari zela zirudien arren, aurkariak ez zeuden amore emateko prest. Etxeberriak eta Elorzek, pixkanaka aldea murriztuz, 18na berdintzea lortu zuten. Urdinek berriro erantzun zuten eta 19-21era iritsi ziren, garaipena tanto bakarrera utziz. Une horretan, ordea, gorriek azken ahalegina egin eta hiru tanto jarraian lortu zituzten, 22-21eko garaipen ikusgarria sinatzeko.

Datorren astelehenean, abuztuaren 17an, koadroaren goiko aldeko finalerdiak jokatuko dituzte, 21:00etatik aurrera; ostegunean, berriz, hilaren 20an, beheko aldekoak. Abuztuaren 24an zesta-puntako jardunaldia izango da eta hilaren 27an jokatuko dira txapelketako finalak Aitzurin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide