Mutilak Castrora, neskek Pasaian eta Getarian lana

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 14a

Saregileak trainerua daramatela, entrenamendu batean. (Juan Luis Romatet)

Saregileek Euskotren ligako bi hitzordu izango dituzte, Pasai Donibanen larunbatean eta Getarian igandean. Telmo Deuneko arraunlariek, bere aldetik, Kantabria aldean izango dute arraunketa saioa.

Asteburua heltzearekin batera, bueltan dira traineru estropadak. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko neska-mutilek hiru estropada izango dituzte bihartik aurrera: neskek bi eta bakarra oraingoan mutilek.

Saregileek Euskotren Ligarako puntuagarriak diren bi hitzordu izango dituzte asteburuan. Larunbatean Pasai Donibanen lehiatuko dira, II. Adinberri Bandera-XIII. Pasaiako Ikurriñan, 17:20tik aurrera. Zumaia lehen txandan arituko da, Astillero, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Igandean, 11:25ean, etxetik gertu arituko dira, III Getariako Ikurriña-50. urteurrena-Zarautz Academy Sari Nagusia izeneko banderan. Z

umaiako emakumeak sailkapenean azkenak dira, eta aurretik duen Donostiarrak sei puntuko aldea ateratzen die. Pasa den igandean, ordea, beste itxura bat eman zuten Hondarribian, hirugarren eginez, eta bide beretik jarraitzea izango da Kike Manterolak gidatutako eskifaiaren helburua. 

Klubeko gizonek, bere aldetik, Ciudad de Castro Urdiales bandera jokatuko dute Kantabriako (Espainia) herri horretan, 17:00etan hasita. Hiru jardunaldi besterik ez dira falta KAE1 liga amaitzeko, eta igoerako play-offera sailkatzea ia ezinezkoa izanik, bandera bat irabaztea dute amets Mikel Portularrume aiarrak entrenatutako mutilek. Denboraldian zehar erakutsi dute onenen artean izan direla.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide