Abuztuaren 29an egingo den Kuadrilla Egunak badu egitaraua

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Bizikleta gaineko poteoa, Kuadrilla Egunaren barruan. (Intza Trula)

Ohikoan, gaur ospatuko zen Zumaian festa eguna, baina Ama Birjin eguna delako, hilabete amaierara eraman dute. Kuadrilla Egunarekin batera egiten zen Dardara Fest jaialdia ere ez dute egingo aurten.

Urtero, azken hamarkadetan, Kuadrilla Eguna ospatu izan da Zumaian abuztuko hirugarren asteburuan. Aurten, hileko hirugarren larunbata jaieguna delako –Ama Birjin eguna da gaur–, festa atzeratzea erabaki du udalak. Datorren larunbatean Oikian dituzte jaiak, eta horregatik hileko azken larunbatera aldatu dute data. Hala, abuztuaren 29an egingo dute aurtengo Kuadrilla Eguna.

Honakoa da hilaren 29rako prestatutako egitaraua:

  • 17:00. Puzgarriak eta jolasak Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 18:30. Ustekabe txaranga Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 19:00. Diskofesta gaztetxoentzat Torreberrin.
  • 21:00. Ainhoa Urteaga eta taldearen kontzertua Amaiako plazan.
  • Ondoren, erromeria Olgetan taldearekin, Amaiako plaza.

Dardara Festik ere ez

Datarena ez da izango aldaketa bakarra. Kuadrilla Egunarekin batera egiten zen Dardara Fest rock jaialdia. Bospasei talderen kontzertuak entzuteko aukera izaten zen Amaiako plazan, doan. Aurten, baina, jaialdia ez antolatzeko erabakia hartu du Dardara Musika Kolektiboak. Kuadrilla Egunarekin batera egitea baztertuta, taldeak ez du esan oraindik udazkenean egingo duen edo ez. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide