Andoni Fleitas: "Torero batek baino meritu handiagoak ditu errekortariak"

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 15a

Andoni Fleitas, erdian, sanferminetako entzierroan. (Utzitakoa)

Andoni Fleitas (Zumaia, 1997) zezenzale amorratua da, eta urte dezente daramatza errekortari lanetan. Txikitan piztu zitzaion grina, eta gaur egun zezenenganako afizio handia du, baina baita errespetua ere. Ganaduaren aurrean jartzeak sortzen dion emozioa eta adrenalina maite ditu bereziki, nahiz eta noizbehinka susto bat edo beste hartu duen.

Jende askok beldurra die zezenei; zuri, aldiz, beraien aurrean jartzea gustatzen zaizu. Zerk bultzatu zintuen errekortari aritzera?

Albaitaria den lagun bat daukat. Txikitatik egon izan naiz berarekin ikasgelan, eta beti gustatu izan zaizkio animaliak. Marrazketako klasean zezenak marrazten zituen, eta niri ere gustatzen zitzaizkidan. Ni ez nintzen ona marrazten, eta horregatik, berak egiten zituen marrazkiak. Lagun hura txahal txikiekin aritzen zen 15-16 urterekin, eta niri ere gustatzen zitzaidan hori, baina futbolean jolasten nuenez, ezin izaten nuen bi gauzak uztartu. Behin futbola utzita, herrietara joaten hasi nintzen; hasieran, Euskal Herriko herrietara joaten nintzen zezenera, Oñatira eta Azpeitira, esaterako. Jolas moduan hasi zen dena, eta azkenean, hainbat lekutara joaten amaitu dugu; Nafarroara, Valentziara eta Zaragozara, besteak beste.

Tentsioa nagusi izan ohi da zezen plazan. Zezenaren aurrean jartzetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Zezenaren adarrak zenbat eta gertuago izan, are nahiago. Emozioa eta adrenalina handiagoak dira, eta hori da zezenaren aurrean jartzetik gehien gustatzen zaidana.

Oso arriskutsua izan daiteke. Inoiz izan al duzu sustorik?

Bai, eskua apurtu dut pare bat aldiz. Euskal Herrian adarrak lotuta izaten dituzte zezenek, baina Nafarroan adarren puntak bistan izaten dituzte. Iaz, Faltzesen (Nafarroa) errekortatzen ari nintzela, irristatu egin nintzen, eta zezenak hesiaren kontra bultzatu ninduen bete-betean. Ez zitzaidan ezer gertatu, baina susto handia izan zen hura. Bestalde, Elgoibarrera gaupasa eginda joan izan gara noiz edo noiz –barrez–. Jendeak afizioa alde batera utziko al dudan galdetzen dit, baina eskua apurtu arren, gustatu egiten zait eta ez dut utziko.

Gauza bera al da errekortari eta torero izatea?

Batak eta besteak ez dute zerikusirik. Toreroak, zezen plazan faenan dagoenean, kapote bat izaten du eskuetan. Errekortariak, berriz, zezenaren aurrean egoten dira; zezena eta errekortaria soilik egoten dira. Errekortari batek toreroak baino meritu eta balore askoz handiagoa du. Zezenaren aurrean jarri, eta... egin ezazu ahal duzuna.

Nola prestatzen zara?

Mendira joaten naiz korrika egitera. Gainera, Albara ganadutegikoak lagun bat daukat, eta noizean behin, hilabetean behin asko jota, Azpeitiko plazara joaten gara entrenatzera. Zezenen aurrean jarri, zartako batzuk hartu, eta aurrera. Horrela prestatzen gara, bai fisikoki, baita mentalki ere.

Zein da errekortari ona izateko sekretua?

Grina errekortari orok barruan daramagun zerbait da, eta ona izateko beharrezkoa da oso adoretsua eta ausarta izatea. Balorea izatea eta buruari buelta askorik ez ematea ere garrantzitsua da; izan ere, zure inguruko jendearekin eta familiarekin pentsatzen hasten bazara... Ezinbestekoa izaten da adinema zuri uztea. Jende ugari hasten da errekortari lanetan, probatzeko asmoarekin-edo, baina adarkada bat jasotzen duten momentuan erretiratzea erabakitzen du. Txikitatik errekortari aritu garen lagun dezente gabiltza zezenaren bueltan, eta kasu askotan familiatik datorren afizioa izan ohi da; izan ere, batzuen aitak ere errekortari jardundakoak dira. Nik, baina, ez dut ez ama, ez aita errekortaririk izan, eta jendeak galdetzen dit adizioa nondik ote datorkidan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide