Kuadrilla Egunaren faltan, paella txapelketa egin dute Torreberriko aterpean

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Zumaiako Gazte Asanbladak antolatuta egin dute jarduera eguerdik aurrera, eta hamar taldek hartu dute parte, bakoitzak nahi zuen errezeta erabilita. Sari banaketaren ondoren, prestatutako paellak jateko aukera izan da.

Kuadrilla Eguna ospatzekoa zen gaur Zumaian, baina gaur jaieguna delako, abuztuaren 29ra mugitu du udalak festa horren data. Hutsunea zegoela eta, Zumaiako Gazte Asanbladak paella txapelketa antolatzeko apostua egin du, baita ondo atera ere.

Eguerdi partean bildu dira txapelketara izena emandako hamar taldeak, Torreberriko aterpean. Ogia eta gatza izan ezik, talde bakoitzak bere osagaiak eta tresneria eraman behar izan du. 11:30ean ekin diote lanari, eta 14:00etarako prest izan behar zituzten.

Epaileen lana etorri da ondoren, eta ez dute lana erraza izan, behin eta berriz dastatu dituztelako mahai gainean utzitako jakiak. Hiru sari zituzten emateko, paella onena, originalena eta txarrena edo erreena. Bi epaileen arabera, denak ere maila onekoak izan dira, eta paella txarrik ez da izan aurtengo txapelketan.

Azkenean, kontsentsu batera heldu dira, eta paella onenaren saria Lato, Lalo, Lati, Lamar, Lefish taldeak irabazi du, mariskodun paellarekin; originalena Pin eta Pomek jaso dute txipiroiekin prestatutako arrozarekin; txarrena edo erreena, Portutxikik eskuratu du. Saritu denek ere, dominak jaso dituzte. 

Amaieran, prestatutako paella guztiak mahai gainean utzi, eta probatzeko aukera izan dute, bai ekintzan parte hartu duten gazteek, bai Torreberrira inguratu diren herritar zein bisitariek ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide