Egoera zaildu egin zaio Zumaiari gaur Pasaian azkenak izanda

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Zumaiako saregileak, entrenamendu saio batean. (Juan Luis Romatet)

Zortzigarren izan dira gaur saregileak Pasai Donibaneko estropadan, eta Donostiarrak beste punto batean igo du aldea. Telmo Deunek hirugarren egin du Castron, KAE1 ligako estropadan.

Itxaropena omen da galtzen den azken gauza, baina egiari zor, gauzak ilun ditu Zumaiak datorren urtean Euskotren ligan jarraitzeko. Pasa den asteko hirugarren postuak pozez bete zituen saregileak eta haien ingurukoak, baina astebete geroago, Pasaian, zortzigarren izan dira Zumaiakoak. 

Erlojupeko estropada izan da Pasai Donibanen egin dutena. Zumaia lehen txandan aritu da Donostiarra, Hibaika eta Astillerorekin batera. Hasiera ona izan dute gorriek, eta aurkariei eutsi diete lehen luzean. Lau segundoko aldea zioen buelta lehen postuan eman duen Hibaikak Zumaiarekiko. Itzulerakoa, baina, beste hiru traineruek azkarrago egin dute Zumaia atzean geratu den bitartean. Hibaika izan da txandan lehena, Astillero bigarren eta Donostiarra hirugarren. Sailkapen orokorrean, berriz, zortzigarren egin dute saregileek. 

Sailkapen orokorrean beste puntu bat sartu dio Donostiarrak, eta gaur egun zazpi puntuko aldea ateratzen dio sailkapenean. Bihar bertan izango dute hurrengo hitzordua, eguerdian, herritik gertu, Getarian, 11:25ean hasita.

Telmo Deun Castron

Kantabriako herrian jokatu dute gaur KAE1 ligako estropada. Castroko Hiria bandera zegoen jokoan gaurkoan. Igoerako play-offean sartzea kasik ezinezkoa zuen Zumaiak, eta Mikel Portularrume entrenatzaileak astean zehar esandakoaren arabera, banderaren bat irabaztea zuten helburu. Eta lehen luzean erakutsitako grinarekin ez dira urruti ibili. 

Zumaia eta Zarautz nor baino nor aritu dira lehen eta bigarren kaletik, Deustu laugarrengotik begira zegoen bitartean. Gipuzkoako bi ontziak batera heldu dira ziabogara, epaileek Zarautzi bi segundo gutxiago eman badizkiote ere. Bueltakoan, baina, hobeto aritu da Enbata, eta aldea handitzen joan da aurkariekiko. Estropadaren ia amaierara arte bigarren izan da Zumaia, baina azken luzeko azken metroetan Deustuk harrapatu eta pasatu egin du Telmo Deun trainerua. Amaieran, Zumaia hirugarren izan da Zarautzek irabazitako estropadan.

Datorren larunbatera arte ez dute estropadarik izango Zumaiako mutilek. Zarautzen izango dute hurrengo hitzordua, larunbatean. Agertoki txarra ez bandera astintzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide