Matematikoki oraindik ez, baina...

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 16a

Saregileak Getariako arranplan, zaletuen txalo artean, estropada amaieran. (Juan Luis Romatet)

Hortzak estutu dituzte gaur ere, dena eman dute Getariako uretan, baina gaur ere zortzigarren izan dira saregileak Euskotren ligako estropadan. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan zortzi puntura dute jaitsiera zuzenean ekiditeko zazpigarren postua, eta miraria gertatu beharko luke azken postu hura saihesteko. 

Euskotren eta Eusko Label ligarako puntuagarria ziren estropada jokatu dute goiz partean Getarian. Emakumeei dagokionez. III. Getariako ikurriña izan dute jokoan, eguneko arraun jardunaldiari hasiera eman dion bandera. Denboraldiko estropada denetan bezala, Donostia Arraun Lagunakek irabazi du bandera. Donostiarrei itzala egingo zion klubik ez da izan aurten, eta aise irabazi dute liga. 

Sailkapeneko atzeko postuetako draman jarrita zegoen interesa, arraunzale zumaiarrei zegokionez. Atzo Pasai Donibanen azkena izan eta gero, apenas zuten zumaiarrek aukerarik maila galtzea suposatzen duen zortzigarren postu ekiditeko, hiru estropadaren faltan zazpi puntuko aldea ateratzen ziolako zazpigarren postuan dagoen Donostiarrak. Horren jakitun izanda ere, dena ematera atera dira saregileak Getariako hitzorduan.

Lehen luzean ondo aritu dira Kike Manterolak prestatutako neskak, eta donostiarren aurretik izan dira luze osoan zehar. Ziabogan, baina, ez dute zumaiarrek asmatu eta ti-ta batean hiru segundo sartu dizkie donostiarrek: hirugarren postuan eman du buelta Zumaiak, baina irteeran hiriburukoek aldea atera diete gorriei. Bueltan nahi eta ezin aritu dira Zumaiakoak, eta estropada laugarren postuan amaitu dute, Donostiarraren atzetik. Getariako arranplan bildutako arraunzaleen txalo artean atera dira saregileak, eta begi batzuk ere umelduta ikusi dira.

Liga amaitzeko bi estropada besterik ez dira falta, Zarauzko biak, eta ohorezko mailako postuak egin beharko lituzte Zumaiak, eta Donostiarrak azkena izan, salbatu ahal izateko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide