Etxabe Dinastiako finalerdietako lehen jardunaldia jokatuko dute gaur

Julene Sorarrain

Etxabe Dinastia txapelketako partida bat. (Javier Carballo)

Jubenilen mailan, Landa-Salinas eta Salaberria anaiak ariko dira nor baino nor. Elite mailan, berriz, Beitia II-Apeztegia eta Lizeaga-Goikoetxea aurrez aurre lehiatuko dira. Partidak, ohi bezala, Aitzuri pilotalekuan izango dira, 21:00etatik aurrera.

LIV. Etxabe Dinastia Pilota Txapelketa azken txanpan sartuko da gaur gauean, jubenilen eta elite mailako lehen finalerdiak jokatuko baitituzte Aitzuri pilotalekuan, 21:00etatik aurrera.

Jubenilen mailan, Landa-Salinas eta Salaberria anaiak ariko dira nor baino nor. Bi bikoteek nagusitasunez lortu zuten finalerdietarako sailkapena euren final-laurdenetako partidetan. Landa eta Salinasek abuztuaren 3an lortu zuten txartela, Etxaniz-Anzizar 22-5 mendean hartuta. Salaberria anaiek, berriz, hiru egun geroago lortu zuten sailkapena, Etxabe-Moto 22-5 gaindituta, eta hasieratik erakutsi zuten txapelketan urrutira iristeko hautagai sendoak direla.

Ondoren iritsiko da elite mailako finalerdia, partida handi bat ikusteko osagai guztiak dituena: Beitia II-Apeztegia eta Lizeaga-Goikoetxea aurrez aurre. Beitia II eta Apeztegia izan ziren finalerdietarako txartela lortzen lehenak, abuztuaren 3an Galarza-Sotil 22-11 gainditu ondoren. Lizeaga eta Goikoetxeak, berriz, abuztuaren 6an lortu zuten sailkapena, Txoperena-Altuzarra 22-13 mendean hartuta, Lizeaga partidako protagonista nagusietako bat izan zen neurketa batean.

Txapelketak ostegunean, abuztuaren 20an, bigarren finalerdiekin jarraituko du. Astelehenean, abuztuaren 24an, zesta-puntaren txanda izango da eta abuztuaren 27an, Etxabe Dinastia Txapelketako final handiak jokatuko dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide