Landa-Salinas eta Beitia-Apeztegia dira Etxabe Dinastia Txapelketako lehen finalistak

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 18a

Atzo iluntzeko jardunaldian aritu ziren bikoteak. (utzitakoa)

Gorriek nagusitasunez lortu zituzten garaipenak atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuan jokatutako lehen finalerdietan. Ostegunean jokatuko dira bigarren jardunaldiak, eta orduan ezagutuko dira abuztuaren 27ko finaletan izango diren beste bi bikoteak.

Landa-Salinas, jubenilen mailan, eta Beitia-Apeztegia, elite mailan, Etxabe Dinastia Txapelketako lehen finalistak dira. Gorriek nagusitasunez lortu zituzten garaipenak atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuan jokatutako lehen finalerdietan: 22-11 Salaberria anaien aurka lehen partidan eta 22-14 Lizeaga-Goikoetxearen aurka bigarrenean.

Jubenilen finalerdian, Landa eta Salinasek 22-11irabazi zieten Salaberria anaiei, batez ere Salinasek atzeko koadroetan erakutsitako "nagusitasunari" esker. Hain zuzen ere, Salinasek berak egin zituen lehen bi tantoak, baina ondoren egindako hutsek Salaberria anaiei partidan sartzeko aukera eman zieten. Urdinek 3-6ko abantaila ere lortu zuten, baina hortik aurrera gorriak partidaren kontrola hartzen hasi ziren.

Landa eta Salinas 10-6 aurreratu ziren eta 11-7koarekin iritsi ziren atsedenaldira. Lehen zatian, gorriak tantoak egiteko gai izan ziren, baina euren hutsek Salaberria anaiak partidan mantendu zituzten.

Bigarren zatian, ordea, aldeak "nabarmenagoak" izan ziren. Salinasek peloteoa gero eta argiago menderatu zuen atzetik, eta horrek Salaberria anaien aurrelariari jokoan sartzeko aukera gutxi utzi zizkion. Aurrean, Landak gaueko tanto ikusgarrienetako batzuk utzi zituen. Zabalean egindako erremateak, ezkerrez bi pareta eder bat eta efektuz egindako beste bi pareta bat izan ziren bere erakustaldiaren adibideetako batzuk. Gorriek ez zuten bigarren zatian partida ihes egiten utzi eta 22-11koarekin lortu zuten finalerako lehen txartela.

Elite mailako finalerdia, "lehiatuagoa"

Beitia-Apeztegiak 22-14 irabazi zieten Lizeaga-Goikoetxeari bi zati "oso ezberdin" izan zituen neurketan. Hasieran urdinek partida ondo irakurri zuten: Goikoetxeak gorrien erasoari eutsi zion, eta Lizeagak bere bikotekideari lagundu zion behar izan zuen bakoitzean. Aurrean pilota izan zuenean, gainera, tantoa amaitzeko gaitasuna erakutsi zuen. Markagailuak partidaren berdintasuna islatu zuen: 0-2, 2-2 eta 5-2koaren ondoren, urdinek erreakzionatu eta 5-8, 6-10 eta 7-11 aurreratu ziren.

Gorrien estrategia, ordea, argia zen: jokoa atzeko koadroetara eraman, Goikoetxea lanean jarri eta Lizeagaren protagonismoa murriztu. Pixkanaka partida aldatzen hasi zen. 7-12tik 11-12ra gerturatu ziren Beitia eta Apeztegia, eta 11-13koaren ondoren 15-13 aurretik jartzea lortu zuten. Goikoetxea ordura arte partida ona egiten ari zen, baina azken zatian akatsak pilatzen hasi zen: guztira zazpi pilota galdu zituen, eta gorriek egoera aprobetxatu zuten atzean presioa areagotzeko eta Lizeaga jokotik gero eta gehiago ateratzeko. Horrek, gainera, Beitiari pilota gehiago utzi zion aurreko koadroetan, eta aurrelariak ez zuen aukera alferrik galdu. Zazpi tanto egin zituen eta, Apeztegiaren lanarekin batera, partidaren azken zatian aldea markatu zuen. 15-14koaren ondoren partida guztiz hautsi zen.

Beitia-Apeztegiak azken zazpi tantoak jarraian egin zituzten, 22-14koarekin finalerako txartela ziurtatzeko. Estatistiketan, Beitiak 7 tanto eta 4 huts egin zituen; Apeztegiak, 4 tanto eta 4 huts; Lizeagak, 6 tanto eta 4 huts; eta Goikoetxeak 7 huts izan zituen.

Hori horrela izanda, Landa-Salinas eta Beitia-Apeztegia dira Etxabe Dinastia Txapelketako lehen finalistak. Ostegunean jokatuko dira bigarren finalerdiak, eta orduan ezagutuko dira abuztuaren 27ko finaletan izango diren beste bi bikoteak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide