Zumaiako txalupa zerbitzua Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango da aurrerantzean. Hain zuzen ere, Zumaiako Udalak eskaintzen duen errioko garraio zerbitzua Mugi tarifa sisteman integratu da, eta erabiltzaileek sistema horren deskontu eta abantailak baliatu ahal izango dituzte. Txalupa zerbitzuak Txomin Agirre kaia kirol portuarekin eta Santiago hondartzarekin lotzen ditu, eta udako hilabeteetan Zumaiako mugikortasunerako alternatiba garrantzitsua da.
Zerbitzua Mugi sisteman sartzearekin, erabiltzaileek bidaia merkeago egiteko aukera izango dute. Noizbehinkako txartelarekin bidaia 1,45 eurokoa izango da, eta Mugi txartel anonimoarekin, 0,58 euro balioko du bidaiak. Txartel pertsonalizatuaren kasuan, erabiltzaileak hilabetean egiten duen bidaia kopuruaren arabera aplikatuko dira deskontuak. Txartela kargatzeko eta txartel anonimoak eskuratzeko aukera Begi Bistanen ere egongo da, Moilaberri Estazioaren atzean dagoen lokalean.
Udalak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak azken hilabeteetan landu dute zerbitzua Mugi sisteman integratzeko prozesua. Horretarako beharrezko hitzarmena apirilean onartu zuen udalbatzak, eta txalupan Mugi txartelarekin ordaintzeko beharrezko azpiegitura ezarri ondoren jarri dute erabilgarri.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen hitzetan, "urrats garrantzitsua da Zumaiako garraio publikoaren eskaintza hobetzeko eta herritarren mugikortasuna errazteko". Izan ere, alkateak nabarmendu duenez, udalaren helburua da "Zumaiako mugikortasun aukerak hobetzen jarraitzea eta garraio publikoaren erabilera erraztea".