Tres de más familia osoarentzako filma emango dute datozen egunotan Aita Mari aretoan. Mar Olid zuzendariaren ikus-entzunezkoak Salva Reina, Kira Miro eta Luna Fulgencio ditu antzezle lanetan. Filma ikusgai egongo da gaurtik astelehenera bitartean, 19:30ean, eta sarrerak leihatilan edota online eros daitezke.
Juliak eta Ernestok dena dute: harreman inbidiagarria, karrera arrakastatsuak eta, batez ere, seme-alabarik gabeko bizitza ideala. Hala ere, egun batean esnatu eta hiru umerekin egin dute topo, eta amatxo eta aita deitzen diete behin eta berriz. Bere bizitza perfektua desagertu egin da. Gauetik goizera guraso izaten ikasi beharko dute, haur horiek nondik atera diren eta haiengandik nola libra daitezkeen aurkitzen saiatzen diren bitartean.