Telmo Deuneko emakumeak Euskotren ligatik jaistear dira

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 22a

Zumaiako emakumezkoen trainerua, gaur arratsaldeko jardunaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zarauzko Ikurrinako lehenengo jardunaldia jokatu dute Zumaiako emakumeek gaur arratsaldean, eta estropada gogor baten ostean, azken postuan amaitu dute. Bihar amaituko da Euskotren ligako denboraldia, eta sailkapenean azkenak izanik, ligatik jaistear dira.

Goizean ETE eta KAE 1 ligetako jardunaldiak jokatu ostean, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropaden txanda izan da arratsaldean Zarautzen. Hain zuzen ere, emakumeek Zarauzko XVIII. Ikurrinako lehenengo jardunaldia izan dute jokoan, eta gizonek, berriz, Zarauzko XLIX. Ikurrinakoa. Dena den, ezusteko gutxi eman dituzten estropadak izan dira gaur arratsaldekoak; izan ere, ligan nagusi doazen Arraun Lagunakek eta Oriok beste behin erakutsi dute aurten ere denboraldia irabazteko faboritoak direla.

Emakumeen estropadak eman dio hasiera arraunketa saioari. Zumaia lehenengo txandan lehiatu da Hibaika, Donostiarra eta Astillerorekin batera. Ipar-ekialdeko haizea zela eta, estropadari ekiteko arazoak izan dituzte lehenengo txandako ontziek, 15 minutuko atzerapenarekin hasi baitira. Dena den, Telmo Deuneko emakumeak hasieratik geratu dira gainontzeko ontzien atzetik, eta azkenak izan dira ziabogara iristen, hirugarrena izan den Donostiarratik 10 segundora. Bigarren luzean ere ezin izan dute aurrea hartu, eta, azkenean, 12.58,30eko denborarekin iritsi dira helmugara.

Gaurko garaipena Arraun Lagunakentzat izan da, 12.03,38ko denborarekin irabazi baitute jardunaldia. Eguneko sailkapenean, azkena geratu da Zumaia, eta ligan ere azken postuan da, 31 punturekin. Beraz, bihar amaituko den Euskotren ligatik jaister da.

Gizonezkoak bikain Zarauzko uretan

KAE 1 ligako ontziek Zarautz Arraun Elkartearen XVII. Ikurrina jokatu dute goizean, hiru txandatan banatuta. Zumaiaren kasuan, ohorezko txandan lehiatzea egokitu zaio Zarautz, Kaiku eta Deustorekin batera. Lehia estua espero zen Zarautzen eta Deustoren artean, baina, batzuen ezusterako, lehen ziabogara iristen bigarrena Zumaia izan da, Zarautzen atzetik lau segundora iritsi baita. Dena den, estropadak aurrera egin ahala, zarauztarrak gainontzeko ontziekiko tartea handitzen joan dira, eta, azkenean, 21.30,30eko denborarekin irabazi dute lehia. Atzetik Deusto etorri da, 21.54,44ko markarekin.

Eguneko sailkapenean, ordea, bigarren txandan aritu den Pedreñak egin du hirugarren. Telmo Deuneko mutilek lan bikaina egin dute gaurkoan, eta laugarren izan dira eguneko sailkapenean. Orio B-k ez du zorte bera izan, eta bere txandan ere azken eginda, 12. postuan amaitu du jardunaldia.

Beraz, gaurko puntuak kontuan izanik, Zarautzek bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, 169 punturekin, Deusto puntu bakarrera duela. Zumaia hirugarren doa, 153 punturekin, eta Orio B hamaikagarren da; azkena doan Arkoterekin hamar puntuko aldea du.

Bihar, Bizkaiko uretan izango dira lehian ETE eta KAE 1 ligako ontziak. Emakumeek Bilboko XI. Ikurriña izango dute jokoan, eta gizonek, berriz, XLVIII. Bilboko Ikurrina. Goizeko 11:15ean hasiko da arraunketa saioa, hain justu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide