Zarauzko XVIII. Ikurrinaren bigarren jardunaldia jokatu dute gaur goizean Euskotren Ligako ontziek, denboraldiko azken estropada, hain zuzen ere. Zumaiaren kasuan, atzo bezala, gaur ere lehenengo txandan aritzea egokitu zaio, Donostiarra, Hibaika eta Astillerorekin batera.
Arraunketa saio gogorra izan da gaurkoa zumaiarrentzat. Izan ere, azkenak izan dira ziabogara iristen, hirugarren sailkatu den Hibaikatik sei segundora. Bigarren luzean, gainontzeko ontziekiko tartea handitzen joan da, eta, amaieran, hirugarren egin duen Astillero baino 15 segundo beranduago iritsi dira helmugara. Haien txandan ez ezik, eguneko sailkapenean ere azkenak izan dira zumaiarrak. Zehazki, 32 punturekin, zortzigarren postuan amaitu dute ligan. Bandera eta liga, berriz, Arraun Lagunakentzat izan dira.
Kontuak horrela, saregileak ETE ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Dena den, guztia ez da hemen amaitu, izan ere, Telmo Deuneko emakumeek begirada orain Kontxako Banderan jarrita dutela nabarmendu dute.
Gizonak, hirugarren Bilboko Ikurrinan
Zarauzko uretan ez ezik, Bizkaian ere arraun hitzordu garrantzitsuaz gozatzeko aukera izan da gaur goizean. Hain zuzen, KAE 1 Ligako ontziek ere denboraldiko azken jardunaldia jokatu dute: Bilboko XLVIII. Ikurrina.
Zumaiako gizonezkoak bigarren txandan lehiatu dira, eta lehia estua izan dute sailkapenean aurretik dituzten Deusto eta Zarautzekin. Erlojupekoan, zumaiarrek hirugarren denborarik onenak egin dute lehen ziabogan (4.49), eta martxa onean mantendu da estropada guztian zehar. Azkenean, 20.52,50eko denborarekin, hirugarren amaitu dute eguneko sailkapenean. Bigarren Zarautz izan da, eta ligako irabazlea, berriz, Deusto. Bi ontzi horiek irailean lehiatuko dira play-offetan.