San Bartolome eguna ospatuko dute gaur Oikian

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 24a

Auzoko festak ospatzen dabiltza oikiarrak, eta gaur egun handia izango dute aurretik. Meza nagusiarekin ekingo diote egitarauari, eta jarraian, Errotaberrikoek bertso emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean, asto probak jokatuko dituzte, eta eguna biribiltzeko, erromeria izango da iluntzean. 

Datorren ostiralera arte, sanbartolomeetan murgilduta izango dira Oikian. Hain justu, gaur ospatuko dute egun handia auzoan: San Bartolome eguna. Meza nagusiarekin ekingo diote egitarauari, eta jarraian, Errotaberri bertso eskolakoek emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, asto probak ikusteko aukera izango da, eta eguna biribiltzeko, erromeria eskainiko dute Elustondo anai-arrebek.

Atzo ere izan zer ospaturik Oikian. Arratsaldean, esaterako, aparteko herri kirol jaialdiak hartu zuen plaza. Olaia eta Lorea Esnaola harri-jasotzen aritu ziren bitartean, Mujika-Bihurri eta Kortxero-Mugertza bikoteek aizkorako desafioa burutu zuten. Ondoren, idi probak ikusteko aukera izan zen, Etxabe eta Bixkiren eskutik.

Egitaraua

Gaur, astelehena. San Bartolome eguna

  • 11:00. Meza.
  • 12:30. Errotaberri Bertso Eskolakoen emanaldia.
  • 18:00. XXXVI. Asto probak: Artabilla, Peio, Muniosoro, Bentuene.
  • 22:30. Erromeria Elustondo anai-arrebak trikitilariekin.

Bihar, asteartea

  • 11:00-14:00. Adin bateko eta besteko umeentzat puzgarriak.
  • 14:00. Umeen bazkaria.
  • 15:30. XVIII. Karrikotxe jaitsiera.
  • 17:00. Askotariko ekintzez osatutakoa guneak (ur jolasak, eskulanak, abileziak, argazki txokoa).
  • Ondoren, txokolatada.
  • 20:30. Afari legea plazan (norberak ekarrita), eta jarraian karaokea.
  • 21:00. V. Zokormazo afaria.

Abuztuak 28, ostirala. San Agustin eguna / Blusa eguna

  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Herritarren arteko herri kirolak.
  • Goizean zehar, Enaitz Alberdi eta Erkizi trikitilariak.
  • 14:30. Paella jana.
  • Bazkalondoren, bingoa.
  • 17:00. Umeen txokoa GUKAren eskutik.
  • Arratsaldean, Auxtinpotin.
  • 22:30. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • Gauerdian, Txin-txin herrikoia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide