Elikagai ekologikoen azoka egingo dute ostiralean

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 25a

Haur bat, azokako sagarrei begira. (Maria Maya Manterola)

Elikagai Ekologikoen Azoka egingo dute ostiralean, 10:00etatik 14:00etara, Eusebio Gurrutxaga plazan. Azokan erabiltzeko bonuak Turismo Bulegoan eskura daitezke.

Elikagai Ekologikoen Azoka bisitazeko aukera izango da ostiral honetan Zumaian. Biolur elkarteak antolatu du hitzordua, Zumaiako Udalaren, Urkomeren eta ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin, eta besteak beste, barazkiak, gaztak, eztia, ogia eta bestelako produktu ekologikoak izango dira salgai Eusebio Gurrutxaga jarriko dituzten postuetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Gainera, 12:00etatik 14:00etara, sukaldaritza saioa ere izango da Miriam Chefintegrativaren eskutik, eta azokan bertan erositako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten erakutsiko die herritarrei. 

Egistamoaren helburua da tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzea. Horrenbestez, azoka horrek berak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hainbat udalerri bisitatuko ditu abuztutik urrira bitartean, eta Zumaia izango da ibilbideko geldialdietako bat. Ostiraleko azokan, ingurumenarekiko errespetuz, animalien ongizatea bermatuz eta sintesi kimikoko produkturik erabili gabe ekoitzitako elikagai ekologiko ugari aurkitu ahal izango dira.

Biolur elkartearen arabera, azokak "ekoizpena eta kontsumoa lotzeko topagune ezin hobeak" dira, eta ekoizleekin harremanak eraikitzeko, elikagaiak ezagutzeko eta agroekologiaren inguruan ikasteko aukera ematen dute. 

Bonuak Turismo Bulegoan

Azokan erabili ahal diren 5 euroko bonuak herritarren eskura jarri dituzte Turismo Bulegoan, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzari esker. 15 euro edo gehiagoko erosketa batean 5 euroko deskontua aplikatuko da bonua erabiliz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide