Ibai Iruretagoienaren astoa nagusi San Bartolome eguneko proban

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 24a

Ikusmina sortu du beste urte batez Oikiako jaietako herri kirol ekitaldiak. Irabazleak 67 plaza, bi zinta eta 3,88 metro osatu ditu, eta bigarren sailkatu den Peio Etxaberen astoa plaza batera geratu da.

San Bartolome eguna ospatzen ari dira gaur oikiarrak, eta ohiturari jarraituz, asto probak jokatu dituzte arratsaldean. Beste urte batez, ikusmin handia sortu du ekitaldiak, eta bertaratu direnek gogotsu jarraitu dute lehia. Guztira, lau izan dira proban parte hartu astoak, eta Ibai Iruretagoienarena nagusitu da, 67 plaza, bi zinta eta 3,88 metro eginez hogei minutuko saioan

Iruretagoiena bera aritu da itzain lanetan, Unai Egañarekin batera. Arratsaldeko hirugarren parte hartzaileak izan dira, eta aurretik arituko bien marka irauli dute nabarmen. Bertol eta Ander Etxabek ekin diote probari, baina lehiatik kanpo, eta 49 plaza, bi zinta eta 0,66 metro lortu ditu haien astoak. Ondoren, Joseba Iñaki Etxaideren astoaren txanda izan da, eta honek 51 zinta lortu ditu.

Azkenik, Peio Etxabe aritu da lehian, Unai Gijarro lagun zuela, eta honen astoak emozioa eman dio proba azken unera arte. Hasiera ona eman dio eta erritmo onean aritu da lanean, baina garailearengandik plaza batera geratu da, 66 plaza osatuta.

Egitaraua

Bihar, asteartea

  • 11:00-14:00. Adin bateko eta besteko umeentzat puzgarriak.
  • 14:00. Umeen bazkaria.
  • 15:30. XVIII. Karrikotxe jaitsiera.
  • 17:00. Askotariko ekintzez osatutakoa guneak (ur jolasak, eskulanak, abileziak, argazki txokoa).
  • Ondoren, txokolatada.
  • 20:30. Afari legea plazan (norberak ekarrita), eta jarraian karaokea.
  • 21:00. V. Zokormazo afaria.

Abuztuak 28, ostirala. San Agustin eguna / Blusa eguna

  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Herritarren arteko herri kirolak.
  • Goizean zehar, Enaitz Alberdi eta Erkizi trikitilariak.
  • 14:30. Paella jana.
  • Bazkalondoren, bingoa.
  • 17:00. Umeen txokoa GUKAren eskutik.
  • Arratsaldean, Auxtinpotin.
  • 22:30. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • Gauerdian, Txin-txin herrikoia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide