Gizonezkoen Kontxako Banderako sailkapen estropadak jokatuko dituzte irailaren 2an, asteazkenez, Donostian. Arraunlariak animatzera joan ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobus zerbitzua indartuko du. Hain justu, Getariako Udalak egindako eskaerari erantzunez hartu du erabakia.
Hain justu ere, Zumaia eta Donostia lotzen dituen Lurraldebusen UK10 lineak (Zumaia>Donostia) zerbitzu berezia eskainiko du Zumaiatik 16:00etan eta Donostiatik 21:00etan aterata; UK11 linea (Zumaia>Donostia AP-8tik Zarautzen barrena), berriz, Zumaiatik 16:30ean eta Donostiatik 19:30ean irtengo da.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren esanetan, Kontxako Bandera "udako kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat da", eta, horregatik, "herritarrak estropada ikustera modu jasangarrian, eskuragarrian eta erosoan joan daitezen" nahi dute.
Emakumezkoen sailkatze estropada irailaren 3an izango da, ostegunez. Hala eta guztiz ere, Lurraldebusek ez du oraingoz ezer iragarri hitzordura joateko garraio zerbitzuen inguruan.