Gaur gauean amaituko da 54. Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketa, hiru final handik borobilduko duten jaialdiarekin. Zesta puntako, eskuzko gazte mailako eta eskuzko elite mailako finalak jokatuko dituzte Aitzuri pilotalekuan 21:00etatik aurrera. Pilotalekura joaterik ez dutenek ere jaialdi osoa jarraitzeko aukera izango dute Kirolzale TVren Youtubeko kanalean.
Erik-Uranga eta Aaron-Aldazabalen arteko zesta puntako finalarekin hasiko da gaualdia. Erik eta Uranga sendotasun handiz iritsi dira txapelketaren azken txanpara, Etcheberry eta Kanpandegi finalerdietan bi setetan gainditu ondoren. Beste aldean, Aaron eta Aldazabal izango dira. Haien finalerdia askoz gogorragoa izan zen, eta hirugarren setera arte borrokatu behar izan zuten Cosme-Salegi gainditzeko. Finalak, beraz, bi belaunaldi eta bi izaera jarriko ditu aurrez aurre: Erik eta Urangaren esperientzia eta sendotasuna, Aaron eta Aldazabalen gaztetasunaren eta indarraren aurka.
Bigarren partida eskuz binakako gazte mailako finala izango da: Landa-Salinas eta Perez-Elola izango dira aurrez aurre. Txapelketan zehar, Salinasek atzeko koadroetan pilota menderatzeko eta aurkariak atzeratzeko gaitasuna erakutsi du, eta horrek Landari bere errematea erakusteko aukerak ematen dizkio. Perez-Elolak ere txapelketa bikaina egin dute. Perezek arrisku handia sortzen du aurreko koadroetan eta finalerdian bederatzi tanto amaitzeko gai izan zen; Elolak, berriz, segurtasuna eta oreka ematen dio bikoteari atzeko koadroetatik.
Elite mailako final handiarekin amaituko da gaua: Beitia-Apeztegia eta Oihan Etxeberria-Elorz ariko dira aurrez aurre Zumaiako txapelketa historikoaren 54. edizioko finalean. Azken partidatan, Apeztegiaren segurtasuna eta lana atzean funtsezkoak dira Beitiak aurrean bere jokoa egiteko eta tantoa amaitzeko aukerak izan ditzan. Etxeberriak, halaber, errematean eta tantoa amaitzeko gaitasunean maila handia erakutsi du, eta Elorzek sendotasuna eta kolpea ematen dizkio bikoteari atzetik.
Iribarri eta Lezetari omenaldia
Kirolaz besteko une berezia izango du jaialdiak bigarren partidaren ondoren. Dinastia Etxabeko antolakuntzak erretiratu berri diren Joseba Lezeta eta Arritxu Iribar kazetariei omenaldia eskainiko die. Urte luzez kirola eta, bereziki, euskal kirola zaleengana hurbiltzen egindako lana aitortuko diete.