Eguzki izpien bizipoza

Markel Peñalba 2026ko abuztuaren 30a

Eguzki plakak.

Markel Peñalbak Zumaia Gukako uztaileko aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Orain ez hainbeste pasatu den udako solstizio eguna, ekainaren 21a, Eguzkiaren Nazioarteko Eguna izaten da, sarri behar baino gutxiago ospatzen dena. Eguzkia bizitza baita, bizipoza, eta ekainaren bukaerako egunek halaxe erakusten digute sarri, eguzki izpiez gain, egun luzeen bizitza eta opor usaiaren poza elkartzen baitira urteko garai horretan. Baina, aurten, bero gogaikarria alde batera utziz, ekainak bizipoz gehigarri bat ekarri zuen Zumaiarentzat eta zumaiarrentzat: Eguteraren eguzki planta martxan dago, eta Zumaiako 150 familiari eta merkatariri elektrizitate herritarra, garbia eta merkea eskaini die lehen aldiz.

Hilabete luzeen ondoren, apirila hasieran sare elektrikora konektatu genituen eguzki plakak, eta ekainean jaso genuen Eguterako bazkide garen zumaiarrok lehen faktura. Onartu behar dut, hilabete horietako frustrazioak gogoratu nituen arren, irribarre txiki bat atera zitzaidala fakturaren zenbatekoa ikusi nuenean. Eta kontatu didatenagatik, ez nintzen bakarra izan.

Energiaren eztabaida mundu zabaleko zein Euskal Herriko bazter askotan puri-purian dago. Ormuzko itsasartearen puntu kritiko ezberdinak ia buruz ikasi ditugu, eta petrolioaren zein gasaren jatorri ezberdinak eta bakoitzaren oztopoak astean bizpahiru aldiz azaltzen dizkigute egunkarietan edo telebistan (ez dut nik gauza bera egingo, lasai). Energiaren gaiak denoi eragiten digu zuzenean, eta guztion ahotan dago aspalditik, baina energia trantsizioak hitz gutxiago eta ekintza gehiago behar ditu.

Ez dira garai onak petrolioarekiko eta gas hornidurekiko dependentzia handia dugunontzat. Euskal Herrian, eta batez ere EAEko hiru lurraldeetan, Europako dependentzia maila altuenetakoa daukagu, %90etik gorakoa, hain zuzen. Ez dira, beraz, garai onak guretzat, eta, gurean ere, energiaren eztabaidak aspaldian behar ditu soluzio gehiago eta eztabaida gutxiago. Egotetik egitera pasatzea. Beharrezko soluzioak ez dira teknologikoak bakarrik, noski, baina teknologikoak ere badira. Energia iturri berriztagarrien zabaltzea, adibidez. Berriztagarri asko eta azkar. Posible den heinean lokaletik, herritarren jabetza zein onurak lehenetsiz, eta beti ingurugiroan izan dezakeen inpaktua gutxituz. Baina asko eta azkar.

Zumaian, egotetik egiterako pausoa ematea erabaki genuen orain dela urtebete luze. Egutera energia kooperatiba martxan jarri genuen, Zumaiatik, zumaiarrok eta zumaiarrontzat. Eta hilabete luzeen ondoren, hasi gara bizipoza banatzen, urtero ekainean gertatu ohi den bezala, baina urte osora zabaltzeko asmoz, eguzki izpien laguntzaz. Elektrizitate herritarra, garbia eta merkea ere bizipoza baita, energia garbiaren bizitza eta herritarra zein merkea izatearen poza. Bada oraindik bizi poz hori zure egiteko modua. Eguterak denontzat dauzka bizipozez kargaturiko elektroiak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide