Aaron-Aldazabal, Landa-Salinas eta Beitia-Apeztegia izan dira txapeldun Dinastia Etxaben

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 28a

Aaron-Aldazabal, Landa-Salinas eta Beitia-Apeztegia izan dira txapeldun Dinastia Etxaben. (Pilotaren Txokoa)

Zesta puntako, eskuz jubeniletako eta eskuz eliteko finalak jokatu zituzten atzo Aitzurin. Dinastia Etxabe Txapelketako antolakuntzak Joseba Lezeta eta Arritxu Iribar kazetariei omenaldia egin zien, haien ibilbide profesionala aitortuz.

Dinastia Etxabe txapelketaren 54. edizioak baditu dagoeneko txapeldunak. Atzo jokatu ziren finalak, eta Zumaiako torneoan garaipena eskuratu dute Aaron-Aldazabal bikoteak zesta puntan, Landa eta Salinasek eskuz jubeniletan, eta Beitiak eta Apeztegiak eskuz elitean.

Aitzuri pilotalekuan giro paregabea sortu zen, aste hauetan zehar sortutakoari jarraipena emanez, eta zale ugari gerturatu ziren harmailetara pelotariak animatzera eta partidez gozatzera. Gaueko lehen finala zesta-puntakoa izan zen, eta Aaronek eta Aldazabalek bi setetan gainditu zituzten Erik eta Uranga. Hasieratik hartu zuten partidaren kontrola urdinek, eta aurkariak atzetik aritu ziren markagailuan. Lehen seta sei tantoko aldearekin irabazi ondoren, bigarrenari ere nagusitasunarekin eutsi zioten, eta 12-9ko emaitzarekin itxi zuten norgehiagoka.

Eskuz binakako jubenilen finalean, berriz, Landa-Salinas bikoteak eskuratu zuen garaipena Perez eta Elolaren aurka, 22-12 emaitzarekin. Hasiera hobea eman zioten azken horiek partidari, eta 5-9 aurreratu ziren markagailuan. Une horretatik aurrera, ordea, neurketaren norabidea erabat aldatu zen, izan ere, Landak eta Salinasek 13 tanto jarraian egin zituzten. Perez-Elola bikoteak ezin izan zion buelta eman markagailuari, eta 22-12 nagusitu ziren gorriak.

Jubenil mailako finalaren ondoren, gaueko unerik berezienetako bat iritsi zen. Dinastia Etxabe Txapelketako antolakuntzak Joseba Lezeta eta Arritxu Iribar kazetariei omenaldia egin zien, haien ibilbide profesionala aitortzeko asmoz. Urte luzez kirolari, eta bereziki euskal kirolari, emandako ahalegina eta lana eskertu nahi izan zieten antolatzaileek. Aitzuriko harmailetan bildutako zaleek ere bat egin zuten omenaldiarekin, eta txalo artean jaso zituzten bi kazetariak.

Omenaldiaren ondoren jokatu zen gaueko azken finala. Beitia eta Apeztegia eta Etxeberria eta Elorzen aurka aritu ziren, eta lehen bikotea nagusitu zen norgehiagokan, 22-19ko emaitzarekin. Beitia-Apeztegia bikotea aurretik joan zen hasieratik, baina partidak aurrera egin ahala, Etxeberriak eta Elorzek aldea murriztea lortu zuten. Oihan Etxeberriak, bereziki, partida ona jokatu zuen, eta 21-19ra gerturatu ziren urdinak. Azken tantoan, ordea, Beitiak eta Apeztegiak ez zuten huts egin, eta 22-19ko markagailuarekin Elite mailako txapela lortu zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide