Zazpi domina lortu ditu Itxas Gainek itsas kayakeko Europako txapelketan

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 30a

Itsas Kayakeko Europako Txapelketan aritu diren Itxas Gaineko palistak, Bresten. (Utzitakoa)

Maite Etxabek txapeldun izan da banaka, beteranoen mailan, eta binaka, Svetlana Kapivoskarekin batera. Haritz eta Asier Aizpurua anaiak bigarren izan dira binakako proban, eta beteranoetan, Oier eta Eñaut Aizpurua anaiak eta Joxe Mari Villagarciak bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu dira.

Itxas Gain klubeko piraguistek emaitza bikainak lortu dituzte Bresten (Frantzia) jokatu den Itsas Kayakeko Europako Txapelketan, banakako zein binakako probetan. Baldintza benetan gogorrei aurre egin behar izan diete, baina egoera zailen aurrean palista zumaiarrek beren maila erakutsi dute, eta, guztira, zazpi domina poltsikoratu dituzte.

Banakako SS1 modalitateko lehia ostegunean jokatu zuten, 23 kilometroko ibilbide zorrotzari aurre eginez, eta Maite Etxabe Europako txapeldun izan zen emakumezko beteranoen mailan. Emakumezkoen sailkapen orokorrean, gainera, zortzigarren postuan helmugaratu zen.

45-54 urte bitarteko gizoneko beteranoen artean ere emaitza bikainak  lortu zituzten: Oier Aizpurua bigarren sailkatu zen eta Joxe Mari Villagarciak hirugarren; Eñaut Aizpuruak, berriz, seigarren postua lortu zuen.

23 urtez azpiko gizonezkoen mailan, Asier Aizpuruak hamargarren postuan bukatu zuen estropada, eta bere anaia Haritz Aizpuruak hamazazpigarren postuan.

Muturreko baldintzetan

Binakako SS2 modalitatea ostiralean jokatzeakoak ziren, baina baldintza egokiak ematen ez zirela eta, haize oso bortitzagatik larunbatera atzeratzea erabaki zuten. Beraz, atzo itzuli ziren berriro ere uretara Itxas Gaineko palistak, eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten.

Edonola ere, haizeak eta itsasoak benetako erronka jarri zieten parte hartzaileei: 15 kilometroko estropada jokatu zuten, bi eta hiru metro arteko olatuekin eta haize bolada bortitzekin. Muturreko baldintzetan aritu ziren lehian.

Oztopoak oztopo, palista zumarrek ez zuten amore eman eta merezitako emaitzak erdietsi zituzten. Maite Etxabe txapeldun izan zen senior emakumezkoetan, Lanzaroteko (Espainia) Los Marlines klubekoa Svetlana Kapivoskarekin batera. Haritz eta Asier Aizpurua anaiak, berriz, bigarren izan ziren senior gizonezkoetan.

Beteranoetan, lehen postua lortu zuen Joxe Mari Villagarciak, Hondarribiko (Gipuzkoa) Arroja klubeko Manolo Melararekin bikotea osatuz, eta Oier eta Eñaut Aizpurua anaiak bigarren izan ziren.

Europan egindako balentriaren ondoren, hurrengo erronka Alabaten jokatuko den itsas kayakeko Espainiako Txapelketa izango dute Itxas Gain elkarteko kideek. dena. Hitzordu horretara ere ilusioz, lan handiz eta itsasoarekiko duten pasioarekin joango direla aurreratu dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide